JAN. 02 2023 KOLABORAZIOA Nire aita duela 41 urteerail zuten Iñaki GARAIALDE SALSAMENDI Nere aita, Paulo Garaialde Jauregizabal, taxilaria zen lanbidez, Alegiako taxilaria. 1982ko urtarrilaren 2an erail zuen Triple A talde ultraeskuindarrak. Hilketa burutu zutenek garbi azaldu nahi izan zuten zenbateraino «inpune» sentitzen ziren, inork ez zituela ikertuko ziurtasuna zeukaten. Leitzarango Plazaola trenbide zaharrera, Berastegiko lurretan, basoaren erdira eraman zuten gau erdian eta han eskopeta tiroz erail zuten. Hilketan erabili zituzten bi kartutxoen azalak gorputzaren ondoan utzi zituzten hiltzaileek, sentitzen zuten inpunitatearen adierazgarri. Pauloren taxia Tolosako Urkizu auzoko errepide bazterrean agertu zen urtarrilaren 4an. Hilketa gertatu eta bi egunera, 1982ko urtarrilaren 4an, Triple Ak bere gain hartu zuen Paulo Garaialderen erailketa “Deia” egunkarira egindako telefono dei baten bidez. Urtarrilaren 22an berretsi egin zuen egiletza Triple Ak, beste hemeretzi atentaturekin batera. Bitartean, urtarrilaren 7an, Komando Autonomoek ukatu egin zuten hilketarekin zerikusirik zutenik. Sei hilabete beranduago, ekainaren 28an, ETA militarrak “Egin” egunkarira bidalitako komunikatu zabal batean hainbat atentaturen egiletza ezeztatzen zuen, haien artean Paulo Garaialderena. Hilketari buruzko ikerketa hutsaren hurrengoa izan zen. Tolosako Instrukzio Epaitegiak urtarrilaren 2an ireki zuen kasua, «aurretiko izapideak» egiteko, Guardia Zibilaren atestatuetan oinarrituta. Kontuan hartu beharrekoa da «bi lerro oso garrantzitsu» zituztela ikergai, bai epaileak, bai eta instrukzioan parte hartu zuten agenteek ere. Bata, erailketa burutzeko erabilitako kartutxoen azalak eta bestea kotxean aurkitu zituzten aztarna ugariak. Ez zioten, ordea, ikerketari heldu. Badirudi ordurako «ez ikertzea» erabakita zegoela. Otsailaren 2an, erailketa gertatu eta justu hilabete batera, Blanquez Perez epaileak «aurretiko izapideak» behin-behinean artxibatzea erabaki zuen, ikertzeari muzin eginez. Hurrengo urtean, 1983ko uztailaren 24an, Jaen Huarte epaileak berretsi egin zuen artxibatze hori behin betiko. Kasua itxita gelditu zen. Horiek hala izanik ere, Espainiako Barne Ministerioak, 1983ko otsailaren 11n emandako ebazpenean hauxe ziurtatu zuen: «Guardia Zibilaren ikerketen arabera, hilketa antza denez Triple A erakunde terroristak egin zuen». 2023ko urtarrilaren 2 honetan 41 urte betetzen dira Paulo Garaialde erail zutenetik. Oroimenean izan ditzagun. Gizarteak ere oroitu ditzan. Atte beti bihotzean. Los matadores dejaron junto al cuerpo las portadas de los dos cartuchos que utilizaron en el asesinato,