GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

BEZa jaistea, irismen mugatuko neurria


Prezioen gorakadak nagusi izaten jarraitzen du agenda politikoan. Abenduko adierazle aurreratuak indize orokorraren murrizketa erakutsi zuen, baina azpiko inflazioa, energiarik eta landu gabeko elikagairik gabe, indize orokorra baino puntu bat gorago zegoen. Alde horrek erakusten du erregaien salneurriak jaisten ari direla, baina gainerako prezioek gora egiten segitzen dute. Elektrizitatearen prezioa kontrolatzeko hartutako neurriek nolabaiteko eragina izan dutela baieztatzen du dinamika horrek, baina efektua energiara mugatu dela ematen du.

Joan den astean elikagaien BEZa murrizteko Gobernuak hartutako erabakiak eragin txiki bat izan du jendearen eguneroko erosketan; lan-karga bat ere izan da dendentzat eta supermerkatuentzat, prezioak eguneratu behar izan dituztelako. Eta energiarekin gertatutakoaren arabera, bere irismena nahiko mugatua izango dela pentsa daiteke. Hala eta guztiz, komeni da azpimarratzea BEZaren tasak, zeharkako zerga atzerakoia -baliabide gutxien dituzten pertsonei eragiten baitie gehien-, nahierara alda daitezkeela. Garrantzitsua da hori gogoratzea, tipoak murrizteko edozein proposamenek erresistentzia erabatekoari aurre egin behar izaten diolako. BEZa tresna garrantzitsua izan daiteke kontsumo jakin batzuk zigortzeko eta beste batzuk sustatzeko, luxuzko ondasunak zergapetzeko eta premiazko ondasunetan karga murrizteko, eta helburu horrekin gehiago erabili behar litzateke. Zentzu horretan, BEZaren jaitsierak aurrekontu xumeenak arinduko ditu pixka bat, nahiz eta erosle batek esaten zuen bezala, «ez duen inor behartsua izatetik askatuko».

Aspaldi jakina da prezioen eraketa merkatuko eskaintzaren eta eskariaren arteko doikuntza automatikoa baino zerbait gehiago dela. Merkatuan jarduten duten indar sozial eta politikoek ere esku hartzen dute haren eraketan, eta borroka horren emaitza prezioen osaketa baldintzatzen duten gizarte-egiturak dira. Alde horretatik, ezin da, adibidez, elikagaien salneurria kontrolatu banaketa enpresa handietan eta nekazaritza industrian eragin gabe. Hortaz, elikagaien prezioen igoera menderatzeko egiturazko neurriak ezinbestekoak dira.