GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Patrice ‘‘Watson’’ Dumora
Musikaria

«Musikak efektua sortu behar du, gure zelulak mugiarazi behar ditu»

Modu iradokitzailean dator bueltan Patrice ‘‘Watson’’ Dumora (Akize, 1956). Tira, sekula ez da guztiz joan, 80ko hamarkadan jaiotako askoren soinu bandaren parte bilakatu delako. ‘‘Bobi’’-rekin batera etorri da oraingoan, disko berriarekin, hamabi urteren ostean atera duen lehen lanarekin.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Katu batek egingo lukeen gisa etorri zara bueltan, Bobi bera ere katua baita.

Ez dut esan Bobi nor den, nahiz eta katu bat agertzen den diskoaren portadan, Lorentxa Saraguetak egina. Agian zu ere bazara Bobi!

Urte batzuk diskorik atera gabe, baina sekula ere kantatzeari utzi ez dion musikaria zara.

Beti, karraskan.

Nola bizi izan dituzu azken garai hauek?

Diskoak sortzeko zailtasunak izan dira. Kantak badituzu, ordea, taldearekin moldatuta eder geratu direnak. Baina duda asko ere bai, diruaren bila ibili naizelako bi hilabetez eta azkenean lortu dudalako, sustapen kanpaina bati esker, baina produktua eskuetan eta belarrietan izan arte lasaitasunik ez.

Arduraz hartu duzula agerikoa da.

Esku onetan nago Andonirekin eta Paxkalekin, eta nik haiek esandako egutegia bete behar dut. Horrekin, aurrera!

Diskoko ‘‘Amadu’’ abestiak atmosfera berezia du; sarkorra da oso abestia. Dena dela, amerikana estiloaren bueltan dago sortua. Esan daiteke erosoen bertan sentitzen zarela?

Kantak etxean sortzen ditut, gitarra akustikoarekin, eta segidan hitz batzuk lerrokatzen ditut. Estudio txikian lantzen ditut eta atzetik taldearekin. Oso gustura eta naturalki etorri zaidan kanta da.

Oskaxe ingurutik Ginea Konakryra begira dago Amadu. Infinitura begira dagoen migratzaileari haren dramaren zama gainera datorkion uneaz ari zara, ezta?

Amaduren istorioa kanta guztien istorioa ere bada, bidaia bat. Bobik ere urte luzez bidaiatu du, baina zer egin du? Kaleak harrotzen ibili da. Amaduk, aldiz, Afrika zeharkatu du hona iristeko eta hori kontatzen du. Baina diskoan badira baitako zenbait bidaia ere.

Aipatu dugun moduan, sarkorra da, indarra du, batez ere soinu lodienetan. Paxkal Etxepareren ideia edo zurea izan da?

Grabaketa eta nahasketa Paxkalek egin ditu, baina biok badugu zerbait batera eta hori musika poliki-poliki entzuteko ezintasuna da. Musikak gure gorputzari efektua eragin behar dio, gure zelulak mugiarazi behar ditu. Maite dugu inpaktu gogor hori.

Taldekide bakoitzak zer ekarpen egin duen aipatu duzu liburuxkan. Baina atmosferak nork sortu dituen ez…

Neronek sortu ditut, etxeko estudioan.

‘‘Sorginen erratzak’’ kantan 60ko rockaren joera antzematen da, nahiz eta tempo lasai batean dagoen.

Horixe: agian adin kontua da. Umetan entzuten nituen The Beatles, The Rolling Stones, Creedence Clearwater Revival… Baina orain gaur egungo musika entzuten dut eta ez naiz iraganeko musikari loturik bizi.

Beltzane Obanos Saenz de Murieta eta biok egin dituzue hitz gehienak. Kanta horren mezuak azaletik mamira joan behar dela gogorarazteko balio izan dit, objektu batek ere arima izan dezakeela.

Bai eta, errepikan esaten dugun moduan, denborak dena erretzen du. Gure gorputzean, bizitzan, gauzek erretzen gaituzte, izan amodioak, izan gauza politikoek… Baina denbora pasatzen da eta benetan zer aldatzen da hemen? Betiko istorioetan eta betiko arazoekin jarraitzen dugu. Jaio ginenean gauzak hobera joango zirela uste genuen, baina ez.

Esan duzunarekin lotuta, beti askatasunaren nahia izan duzu kantetan eta oraingoan sinbolo hori ‘‘Airean zalu’’ abestian etorri da. Inoiz sentitu duzu erabateko askatasunik?

Alderantziz. Gurasoek nigandik espero zutenaz ez dut ezer bete: airean zalu nintzen beti. Duela gutxi habi bat eraiki dut, behintzat!

Rock klasikoa entzuten dugu, baina koralak zeinen garrantzitsuak izan diren zure kantetan. Melodien harmonizazioak, horiek nola uztartu…

Denbora luzea pasatzen dut hau eginez. Askatasuna zeruan irudikatu nahi nuen; irudikatzen dut txori bat dabilela aske-aske, zalu, nahi duen moduan hegan egiten. Maddalena Luzzi eta Pierre Sangla abeslari bikainak dira.

Melodia bat bilatzerakoan, formula errepikatzen duzu edo saiatzen zara gauza berriak bilatzen?

Kanta horretan nire erronka errepikarekin hastea izan zen; hortik abiatuta nora irits nintekeen ikusi nahi nuen. Bazterrean geratu dira kanta batzuk, baina beste batzuk bukaeraraino iritsi dira.

Askatasunaren ostean, ‘‘Gerlatik nator’’ abesti sentikorrena dator, Amets Arzallusen letra duena. Gerlako beterano baten istorioa kontatzen du, askok AEBetan koka dezaketena, hemen bertan ere gerlako beterano asko ditugula ahaztuta.

Duela lau urte Lehen Mundu Gerraren bukaeraren 100. urteurrena izan zen eta horren inguruan emanaldi bat izan zen Baionako antzokian. Nik Amets Arzallusen testu bat musikatu behar nuen eta hau sortu zen. Amets bertan zegoen eta gustatu zitzaion. Hala, nik diskorako gorde nahi nuela esan nion, baina luzeegia zela aukeran, eta laburtu egin genuen. Parisen dagoen aspaldiko lagun bati, Frédéric Gaillardeti, karta zuria eman nion gitarrarekin nahi zuena egin zezan.

Askorentzat begien bistan geratuko da mundu gerrek hemen izan zuten eragina.

Bobi zoriontsu itzuli omen zen herrira, baina beteranoak ez.

Bobi &esc;&esc;«zoriontsuago» esan duzu: bera da sigi-saga dabilena?

Ez! Nahi baduzu, bera ere bai. Nik ez dut pistarik eman nahi. Agian poza hartu zuen Iruñeko tabernetan edo ez dakit non...

Gautxoria zara?

Batere ez, sekula ere ez. Maite dut goiz esnatzea, baina garai batean derrigorrez izan nintzen gautxori.

‘‘Eztiz asea’’ kantak hard rock eta gauaren kutsua duelako esan dizut hori. Estilo horrek ere izan du pisua zure ibilbidean.

Kanta hori modu arraro batez etorri zait. Alabak autoaren atzean abesten ari ziren eta txikiak kantaren sarrerako melodia abestu zuen. Nire baitan esan nuen, «oh, yeah! badago zerbait egitea honekin». Batzuetan zerbait entzuten duzu eta kanta bat osorik sortzen da, moldakuntza eta guzti, zeure buruan. Hala ere, pixka bat landu nuen. Horrekin amodio kanta zozo bat egin nahi izan nuen. The Beatles taldearen ‘‘Oh darling’’ abestia, ‘‘Abbey road’’ diskokoa, oso zozoa da: horixe nuen nik buruan. Baina nahita egin dut, ironikoki, eta Beltzanek bertso ezagun batzuk hartu ditu. Badu pixka bat Hertzainaketik, pixka bat Latzenetik, pixka bat Akelarretik, Benito Lertxunditik… Pista eman beharra dut,, bestela jendeak pentsa dezakeelako zerbait pasatu zaidala eta zozo hutsa naizela! Joko bat izan da.

Mutilzaharrak ere gogoan izan dituzu.

Itzulpen bat izan da hori, Tom Waitsen kanta batena.

Gizarte honetako beste drama bat ere landu duzu ‘‘Zaldun hiltzaileak’’ abestian.

Uf! Eta ez da bukatzen... Ez dakit zer pasatzen ari den. Oso larria da. Errepikan esaten da: «Gizon normal bat zen auzoen ustez», arrunt, jator eta formala dirudiena izan daitekeelako etxe baitako eremuan hiltzaile.

Ez dakigu zer gertatu zaion Bobiri azkenean. Harekin hitz egin beharko dugu horretarako, ezta?

Bai, bai. Zure baitan dagoen Bobi horri galdetu.

Diskoan barruraino begiratzeko ere esango dugu, badagoelako zerbait ezkutuan. Diskoa eskuratzeko zein dira moduak?

Nire webgunetik eskatzeko modua bada. Plataformetan atera berri da, eta kontzertuetan ere fisikoan egongo da eskuratzeko modua.