Zuriñe IGLESIAS
Interview
IÑIGO JUARISTI
Alaveseko entrenatzailea

«Aurkaria deseroso sentiaraziko duen talde bizia ikusi nahi dut»

Alavesek ez du partidarik irabazi Iñigo Juaristi (1968, Berango) etorri den arte: harekin bostetik bi irabazi dituzte. Jokalariek dute errezeta magikoa, Juaristiren hitzetan. Salbazioa bi puntura dute, eta Valentziaren aurka jokatuko dute gaur, 12.00etan. Bestalde, Kopan ariko dira datorren asteartean, baina prestatzaileak ez du horretan «pentsatu nahi».

Ideiak argi dituen pertsona da Iñigo Juaristi, eta halako Alaves ikusi nahi du zelaian: «Talde bizia, aurkaria deseroso sentiaraziko duena, eta baloi irteeran konplikatuko ez dena». Cresporen lekua hartu zuen azaroan, eta Gasteizko taldearen bolada txarra etetea lortu du. Juaristik dio taldeak «azkar» barneratu duela berak nahi duen joko estiloaren ideia.

Ezustean harrapatu zintuen Alavesen deiak?

Bai, nik beti jarraitu dut emakumezkoen goreneko liga, bereziki Euskal Herriko taldeak, aurretik euskal selekzioko hautatzaile izan nintzelako. Ikusi nuen Alaves ez zebilela ondo eta badakizu entrenatzailea aldatzeko aukera dagoela, baina inola ere ez nuen pentsatu ni izan nintekeenik. Beraz, ezustean harrapatu ninduen deiak.

Zer esan zenien jokalariei lehen entrenamenduan?

Beti talde guztiei transmititu izan diet talde biziak gustatzen zaizkidala, jendeak gogor lan egitea nahi dudala, eta ideiak argi dituen taldea ikusi nahi dudala zelaian. Bereziki, esaten diet beraiei laguntzeko nagoela. Prentsaurrekoren batean galdetu izan didate ia hagaxka magikorik dudan; inola ere ez dut horrelakorik. Gainera uste dut ego pertsonala entrenatzailearen kalterako izaten dela, errezeta magikoren bat duzula sinesteraino, eta egiazki errezeta magikoa jokalariek dute. Prestatzaile batek ere erabaki asko hartzen ditu, eta horiek jokoan eragina izan dezakete norabide batean edo bestean. Beraz, neure esperientziaz baliatuta, taldea egokiena iruditzen zaidan lekura bideratzen saiatuko naiz.

Alavesen bolada txarra etetea lortu duzu. Zein da sekretua?

Pertsona bat ideia berriekin etortzen denean, dena bere alde jartzeko prestutasun handiagoa egoten da aldagelan. Eta, hain justu, horrek eragin dezake taldearen jarrera aldatzea. Horrez gain, beste era batera jokatzen ari gara, eta uste dut agian une jakin batzuetan horrek zerbait eman ahal izan diola taldeari. Denborak esango du, hala ere. Taldeak irabaztea lortu du, baina irabazi gabe ere, ez du partida txarrik egin. Askotan badakigu emaitzak xehetasun txikienen mende daudela, eta batzuetan horiek zure alde daudela, eta beste batzuetan ez. Horren harira, behin eta berriz esaten diet jokalariei indartsuak izan behar dugula. Izan ere, lehiatzea da memento onez gozatzea, baina baita indartsua izatea ere gauzak ondo ez doazenean. Horietan ikusten da benetan zein dagoen erronka zailei aurre egiteko prest.

1-5-2-1-2 marrazkiarekin aritu zarete. Horrela ikusten duzu erasoen taldea?

Talde bizia nahi dut, aurkaria deseroso sentiaraziko duena, eta baloi irteeran asko konplikatuko ez dena. Azkenaldian modan dago baloiaren jabetza izatea, atzetik baloiarekin jokatzen hastea... Baina badakigu horrek zer zailtasun dituen, aurkariari ematen dizkiozun aukerez gain. Talde pragmatikoagoa izan nahi dugu, eta hortik aurrera, joko zuzenagoa egin. Hobetzeko asko dugun arren, nahiko ondo moldatzen ari gara. Pixkanaka jokoa zehazten joango gara; ez dakit sistema berarekin edo beste batekin. Marrazki bat edo bestea erabili, finean ideia berbera izango da.

Hamalau gol alde eta 37 kontra. Horretan badu zer hobetu taldeak, ezta?

Argi dago jasotako goletan hobetu behar dugula, eta uste dut taldea indartsuago egin dezakeen gauza bat dela erasoko saialdietan asko ez konplikatzea, batez ere arrisku eremuetan. Izan ere, gol gehienak trantsizioetan baloia galduta eta geldikako jokaldietan etortzen dira. Azken hori lantzen ari gara, eta gainerakoetan arrisku txikiagoa hartu behar dugu, eta baloi irteeran zentzuz jokatu. Pixkanaka horrelako aspektuak findu behar ditugu defentsan fidagarriagoak izateko.

Horrez gain, erasoan eraginkorragoak izan behar dugu. Taldea oso baxu dago aldeko goletan, eta oso altu kontrakoetan. Beraz, ezin dugu soilik arreta jarri defentsan, erasoa ere garrantzitsua baita. Xedea beti da hiru puntuak eskuratzea, eta soilik defentsan aritzen bazara, aurkariarentzat zailagoa izango da zuri gola egitea, baina erasoko jokoa alde batera uzten duzu. Zulotik ateratzeko beharrezkoa dugu puntuak hirunaka lortzea.

Nolako Alaves ikusi nahi duzu Valentziaren aurka?

Betisi eta Sevillari irabazi zion taldea ikusi nahi nuke zelaian. Valentzia denboraldi ona egiten ari da, talentu handiko jokalariak ditu, eta gure onena eman beharko dugu haien kontra punturen bat lortu nahi badugu. Talde gogorra, bizia eta ideiak argi dituena izan beharko dugu. Hil ala biziko partida izango da, eta ezinbestekoa izango da hiru puntuak poltsikoratzea.

Datorren asteartean Kopa jokatuko duzue. Nola egingo dio aurre taldeak txapelketari?

Larunbatean baino ez dut pentsatzen. Arreta osoa Valentziaren aurkako partidan dut, eta ez dut Kopaz ezer jakin nahi. Partida hori bukatu ondoren, ikusiko dugu.