Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
KIROLA

Etxeberriak eta Rezustak azken momentuan irabazi dute lehia

Partida kaxkarra jokatu dute Labriten Jakak eta Arangurenek, Etxeberriaren eta Rezustaren aurka. Aspekoak bigarren jarri dira ligaxkako sailkapenean. Baikokoek, aldiz, zuloan jarraitzen dute.

Aranguren, pilotari ematen, Rezusta erne duela atzean, Labriten (Iruñea).
Aranguren, pilotari ematen, Rezusta erne duela atzean, Labriten (Iruñea). (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Distirarik gabeko partida jokatu zuten atzo Labriten (Iruñea) Jaka eta Arangurenek, Peio Etxeberriaren eta Rezustaren aurka. Norgehiagoka ia osoan Aspekoak markagailuan atzetik joan baziren ere, azkenerako gailentzea lortu zuten, eta gora begira jarraituko dute. Binakako Txapelketako sailkapen nagusian bigarren tokian daude lau punturekin -gaur jokatuko baitute Lasok eta Imazek, Altunaren eta Tolosaren aurka, eta Aspekoek irabazten badute, aurrea hartuko lieke Etxeberria eta Rezustari-. Baikoko bikoteak, aldiz, zuloan jarraitzen du, ligaxkako lehen itzulian partida bat bakarrik irabazita.

Neurketa hasi eta berehala Zenotzekoak lau huts egin zituen jarraian, gorriek asko exijitu gabe, gainera. Oro har, partida oso nahasia izan zen, eta jokoan egindakoak baino gehiago galdutakoak izan ziren. Horren adierazlea izan zen Aranguren izan zela bakarra tanto gehiago egin zituena hutsak baino. Aginagakoa izan zen onena pilotalekuan, baina haren ahalegina ez zen nahikoa izan partida irabazteko.

12-7. tantoan lortu zuten aurrenekoz Baikoko pilotariek bost tantoko aldea, Jakak ezker bolea txokora bota ondotik. Jarraian, beste bi tanto egin zituen bikote gorriak; baina urdinek tartea murriztea lortu zuten, Baikokoek huts egin ostean, 14-8. Ondorengo tantoetan akats ugari egin zituzten bi bikoteek. Nolanahi ere, 16-12. tantoan Etxeberriak pilotari gantxoz jo zion zabalera, eta sakea bereganatzea lortu zuen.

Gorriak aurrera zihoazen, baina baita urdinak ere. Batak tanto egin, eta besteak aldea murriztu. Horrela, Aspekoak 19. tantora ailegatu zirenean, Baikokoek bi tantora gerturatu ziren, aspaldiko partez. Eta hortik aurrera, partida emozioz beteta joan zen. 20-20. tantoa izan zen neurketako luzeena -52 pilotakada-, eta gogorrena. Indarrez estu zebiltzan bi bikoteak, baina bereziki Jakari ikusten zitzaion arnasa estu zuela. Hala, azken momentuan urdinek behera egin zuten, eta gorriak gailendu ziren 20-22.

KOLPE GOGORRA

Jaka eta Aranguren azken unera arte markagailuan aurretik joan baitziren, kolpe gogorra jaso zuten. Izan ere, neurketa horretaz gain ligaxkako beste bitan ere 21. tantora ailegatu dira, baina saririk gabe -Laso eta Imazen aurka bat, eta Elordi eta Zabaletaren aurka bestea-. Txapelketan, oro har, maila ona erakutsi du bikote gipuzkoarrak, eta hurbil izan dira irabaztetik, baina azkenerako ezin 22. tantora iritsi.

Binakako Txapelketako ligaxkako aurreneko itzulia jaun eta jabe izan dira Elordi eta Zabaleta. Ez dute partida bat bera ere galdu, eta gainerako bikoteak baino koska bat gorago daudela erakutsi dute.