GARA Euskal Herriko egunkaria

Aske geratu da Ana Belen Montes, Kubarentzat espiatu zuen Erregina

Ana Belen Montes, «Kubako Erregina» deituraz ezaguna, Kubarentzat espiatu zuen maila goreneko funtzionario estatubatuarretako bat da. Bi hamarkada kartzelan igaro ondoren, aske utzi dute. Uhartearekiko AEBek duten politika krudela salatu zuen epaiketan.

Miriam Montes, bere lehengusina Ana Belen Montesen irudi bat erakusten. (EUROPA PRESS)

Ana Belen Montes espioia aske utzi zuten joan den ostiralean, 20 urte baino gehiago espetxean eman ostean. AEBetako pasaportea du Montesek, bere familiaren jatorri puertorricarragatik, eta AEBen inteligentzia zerbitzuen barnean Kubaren alde espioitza lana egin zuen.

Montes 1985ean hasi zen Defentsa Inteligentzia Agentziarako (DIA) lanean, eta 2001ean atxilotu zuten FBIko agenteek, irailaren 11ko atentatuak gertatu eta gutxira, espioitza leporatuta, Fidel Castroren Kubari AEBetako plan militar sekretuak jakinarazteagatik.

Montes preso zegoen Fort Worth-eko kartzelan, Texasen, eta 65 urte ditu. Prozesu penalean, heriotza zigor bati aurre egin izan behar zion; baina, Fiskaltzarekin akordio batera iritsi ondoren, 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten azkenean. «AEBetako gobernuak Kubarekiko duen politika krudela eta bidegabea da, eta auzokide onaren ideiarekin kontraesankorra. Uharteari gure balioak eta sistema politikoa inposatzeko ahaleginetatik defendatzen laguntzera behartuta sentitu nintzen», adierazi zuen Montesek epaiketan.

AEBetatik Kubara

Asturiastik joandakoen biloba eta Puerto Ricokoa zen mediku militar baten alaba, Alemaniako base militarrean jaio zen 1957an. 1980ko hamarkadan, masterreko ikaslea zen Johns Hopkins Unibertsitatean, eta Latinoamerikako ezkerreko mugimenduen defendatzailea. Jarrera horrek Kubako inteligentziaren arreta piztu zuen.

1985ean, Kubara bidaia batzuk egin eta gutxira, DIAko plaza baterako hautatu zuten, eta garai hartan Kubako Inteligentzia Zuzendaritza Nagusiak lana onartzeko eskatu zion.

AEBetako gobernu agentziatik, mezu zifratuz informazioa helarazi zion Kubari. Sateliteen erabileran oinarritutako programa sekretuari buruzko informazioa pasatzera ere iritsi zen, Afganistango 2001eko inbasioarekin lotura zuena. Peter Lapp FBIko agente ohiaren hitzetan, informazio hori «eman zuen kaltegarriena izan zen, eta icebergaren punta baino ez da».