A.G.
ENDESA LIGA

Igande petrala hiru euskal taldeentzat

Claudia Cuic, IDK Euskotreneko elastikoarekin.
Claudia Cuic, IDK Euskotreneko elastikoarekin. (Sergio LOPEZ | Sergio LOPEZ)

Berdin dio amaiera estu baten ondoren edo egurra jasota. Emakumeen Endesa Ligako euskal taldeek ahazteko moduko igandea izan zuten atzo. «Pairatu» esan beharko litzateke akaso.

IDK Euskotrenek Murtziako Alcantarilla herrian jokatu zuen eta 73-70 galdu zuen hango Hozono Global Jairis taldearen aurka. Donostiarren artean Kaela Davisek eta Claudia Cuicek debuta egin zuten eta ez zuten batere itxura txarrik eman. Tamalez, atsedenaldira 29-36 aurretik joan eta gero, Murtziakoek defentsa asko estutu zuten eta asko nabaritu zen.

Orotara, 23 baloi galdu zituzten Azu Muguruzaren neskek. Hala, Jairisek markagailuari buelta eman zion, eta baita 62-55 aurreratu ere. Hirukoz hiruko, 70na berdindu zuten donostiarrek, baina azken segundoetan Evans oso fin aritu zen jaurtiketa libreen marratik eta IDK Euskotrenek ez zuen berdindu. Seina garaipenekin geratu dira talde biak, sailkapenaren behe aldean.

Lointek Gernika Bizkaiak ez zuen zorterik izan. Barçaren kantxan 64-61 galdu zuen. Azken segundora arte lehiatu zen Anna Montañanaren taldea, eta Ygueravideren hiruko bati esker 60-61 aurreratu ziren gernikarrak 20 segundoren faltan. Bestela ere, markagailuan aldaketak izan ziren partida osoan, eta inor ere ez zuen harritu halako amaiera tokatu zelako.

Bizkaitarren bekatua errebotean izan zen. Puntu banaketari dagokionez, Williamsek, Ygueravidek, Buchek eta Spreaficok 10 puntu baino gehiago sartu zituzten, baina erreboteetan Lointek Gernika Bizkaia gaizki ibili zen: 38-26 galdu zuen lehia hori, eta hortik joan zen partida.

Rakovic hegalekoak ez zuen asmatu bere jaurtiketa, baina Davis pibotak hartu zuen errebotea. Gernikarrek falta egin behar izan zuten, eta orduan Davisek ez zuen 4,60 metroko marratik barkatu. Hurrengo erasoan Ygueravidek urratsak egin zituenez, akabo partida.

JIPOI GALANTA

Kutxabank Araskik, bestalde, 43-96 galdu zuen Valentzia Basket liderraren aurka Mendizorrotzan. Aurreneko laurdeneko partziala gogorra izan bazen (8-32), handik aurrerakoak ez ziren gozoagoak izan.

Hori gutxi balitz, Flor Chagas antolatzaile argentinarrak min hartu zuen belaunean eta ezin izan zuen norgehiagoka amaitu.

Atsedenaldira iristerako 15-49 jartzen zuen markagailuak. Emaitza digeritzea gogorra bazen, datu estatistiko hau ez zen hobea: arabarrek galdutako baloi gehiago zituzten atsedenaldian -16- puntuak baino.

Antza, Valentzia Basketek gogoan zeukan aurreneko itzulian gasteiztarrak 49-67 nagusitu zirela Fontetan, eta nolabaiteko mendekua bilatu nahi izan zuen. Bilatu edo ez, jipoia galanta izan zen azkenean.