GARA Euskal Herriko egunkaria

Afanasiev


Urte hasiera garai zaila izan ohi da. Kroketa bihurtu izanaren sentsazioa ezin gainetik kendu; «urte berri on» erasoen kalteekin txikituta; neurona lurralde ezezagunetan desagertuta… Orduan erabakirik koherenteena hartzen duzu eta, salda beroa prestatuz, sofa okupatzen duzu, eta zure buruari botako diozu, «hauxe da dagoena, berdin zait», eta telebista pizten duzu. Sofa eta zure artean banaezineko errealitatea eraiki duzu.

Eta orduan… John Wick (Keanu Reeves), hiltzaile ahalguztidun eta gupidagabeak, New Yorkeko Liburutegi Nagusian sartu eta liburuzainari liburu batez galdetzen dio. Eta hemen dator sofatik jauzi egiteko arrazoia: ‘‘Herri Ipuin Errusiarrak. Afanasiev. 1864’’. Zertarako beharko du horrelako hiltzaile ankerrak liburu hau? Baba Yaga sorginaren gaiztakeriak ikasteko? Mazedoniako Alexandro Gog eta Magog piztiak nola akabatu zituen gogoratzeko? Hau jakin-mina. Liburuan ilustrazio eder bat bilatuko du. Itsatsita dago. Askatu du eta… Kaguenlamar! Liburua hustuta dago, zuloan bere hiltzaile lanerako gauzak gordeta zituela. Babua ni, Afanasiev zalea izango zelakoan.

Afanasiev, munduko ipuin biltzailerik handienetako bat. Istorio zoragarriak bildu zituena. Afanasiev horrela umiliatzea... Kaltea ekidite aldera “Ipuin errusiar debekatuak” berrirakurriko ditut.

Eta ni ere ospakizunean egon nintzen. Hidromiel edan nuen, eta burura igo ez zedin, erroskillekin eta zerbezarekin batera.