GARA
LIMA

Boluarte «genozidioagatik» ikertzen ari direla berretsi du Peruko Fiskaltzak

Estatuko fiskal nagusiak adierazi du ez duela onartuko «heriotzak zigorrik gabe geratzea», eta beste ikerketa bat ireki dio Dina Boluarte Peruko presidenteari, astelehenean Juliacako protestetan hamazazpi manifestari hil eta gero.

Senideek eta lagunek Juliacan hildako batzuen hilkutxak daramatzate.
Senideek eta lagunek Juliacan hildako batzuen hilkutxak daramatzate. (Iuan CARLOS CISNEROS | AFP)

Peruko Fiskaltzak beste ikerketa bat ireki dio Dina Boluarte presidenteari, astelehenean Juliacan, Andeetako hegoaldean, protestetan gutxienez hamazazpi pertsona hil ostean. «Abenduan izandako gertakariei buruzko aurretiazko eginbideen ikerketa ireki da. Eta gaur, karpeta fiskal berri bat irekitzeko erabakia hartzen ari gara», iragarri zuen Patricia Benavides Estatuko fiskal nagusiak.

Benavidesek baieztatu zuen Ministerio Publikoak ez duela onartuko «heriotzak zigorrik gabe geratzea», eta ikerketa horiek «gertatzen ari den guztiaren erantzule diren goi-funtzionarioen aurka» abiatzea goraipatu zuen.

Fiskaltzak baieztatu zuenez, ikerketak «Apurimac, La Libertad, Puno, Junin, Arequipa eta Ayacucho eskualdeetan 2022ko abenduan eta 2023ko urtarrilean egindako genozidio, hilketa kalifikatu eta lesio larrien ustezko delituengatik» egingo dituzte.

Boluartez gain, Alberto Otarola lehen ministroa, Victor Rojas Barne ministroa eta Jorge Chavez Defentsa ministroa ere izango dira aurretiazko ikerketa horren ikusmiran. Pedro Angulo lehen ministro ohia eta Cesar Cervantes Barne ministro ohia ere ikertzen ari dira.

Gutxienez 17 pertsona hil ziren astelehenean protesten errepresioan. Abenduaren hasieran Pedro Castillo presidente ohia kargutik kendu eta atxilotu zutenean hasi zen mugimendua hau.

Manifestarien eskaera nagusien artean aipatu dituzte Boluartek herrialdeko presidente kargua uztea eta hauteskundeetara deitzea.

Inbestidura berretsi.

Bere aldetik Boluarte Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrari (CIDH) babesa adierazi zion atzo erakunde horrek Andeetara egindako bisitan, gobernuaren aurkako protesten egoera eta giza eskubideen urraketa behatzeko asmoz. Bestetik, Peruko Kongresuak konfiantzazko botoa eman zion asteartean Alberto Otarola buru zuen kabineteari, eta haren inbestidura berretsi zuen, azken lau asteetan 47 pertsona hil eta dozenaka zauritu diren arren.

Egun luze batean, lehen ministroak Gobernuaren planak azaldu zituen eta Legebiltzarrak kabinetearen konfiantza babestu zuen eskuineko alderdien 73 botoekin, kontrako 43 botorekin eta sei abstentziorekin.

Eztabaidan zehar, Edgar Reymundo Aldaketa Demokratikoko bozeramaileak Boluarteren Gobernuak «boterean egunak baino hildako gehiago» dituela adierazi zuen, «beraz, ezinezkoa da konfiantzazko botoa ematea».

Talde honek Boluarte eta Otarolaren dimisioa eskatu zuen, trantsizio Gobernu bati eta berehalako hauteskunde orokorren aurrerapen bati bide emateko.

Era berean, Flavio Cruz legegileak, Peru Askea alderdiko bozeramaileak, bat egin zuen Boluarteri uko egiteko eskatzean, «herrialdean bakea egon dadin». Gobernuaren «eraginkortasunik eza» ere kritikatu zuen.