Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Lointek Gernika Bizkaiak baliabide guztiak izan balitu, irabaz zezakeen

Barruko jokoan dituen gabeziak, Ygueravideren egun txarra, galdutako 26 baloiak, Mesknytek min hartzea, eta aurkarien talentua; kontrako baldintza larregi pilatu ziren eta final-hamaseirenetan amaitu zen bizkaitarren Eurocupeko txangoa.

Sofia Da Silva benetako pibot bakarra izanda, nahiko hankamotz geratu da gernikarren barruko jokoa kanporaketan.
Sofia Da Silva benetako pibot bakarra izanda, nahiko hankamotz geratu da gernikarren barruko jokoa kanporaketan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Balitz eta balego» jardutea alferrik da, baina amorrua ere ematen du. Lointek Gernika Bizkaiak amore eman behar izan zuen Enea Gorzow talde poloniarraren aurkako kanporaketan. Malosten 79-78 nagusitu eta gero, azkenean kanporaketa 10 puntuko aldeaz eraman zuten atzo poloniarrek. Ia une oro hobeak izan ziren eta bizkaitarren gabeziak bikain baliatu zituzten.

Alabaina, azken laurdenaren hasieran, Itziar Ariztimuño defentsan eten arte ahalegindu zen tartean, gernikarrek 1-9ko partziala lortu zuten eta 53-50 hurbildu ziren. Hori guztia barruko joko oso makalarekin -batez ere Julie Wojta eta Nogaye Lo min hartuta daudelako eta Cvitkovic pertsonalez josita zegoelako- eta Gabija Meskonyte bera eskuineko hankan min hartuta. Zer gerta zitekeen Anna Montañanaren taldeak baliabide guztiak sano izan balitu? Ezin jakin, zoritxarrez. Hargatik ematen du amorrua, akaso Europako txangoa final-hamaseirenetan amaitu behar izatea ez delako Gernikak duen talentuak merezi duena.

Baina gauzak diren bezalakoak dira. Esan bestela Sandra Ygueravideri. Malosten 29 puntu saskiratu zituen eta atzo, berriz, ezinean aritu zen. Hamahiru ahalegin egin zituen eta hiru bakarrik sartu -zortzitik bi hirukoetan- eta bost baloi galdu zituen. Orotara, Lointek Gernika Bizkaiak 26 baloi galdu zituen eta ia une oro Lindsay Allen antolatzailearen aginduetara jokatu behar izan zuten.

Gogotik ahalegindu arren, 53-50ekoan izan ezik, ez zuten kanporaketa pasatzeko adinako meriturik egin. Mersin Çukurovaren aurkako iazko segadan ez bezala, atzo Lointek Gernika Bizkaia, aurka jarri zitzaizkion baldintza asko direla medio, aurkaria baino gutxiago izan zen. Halakoetan, zorionak eman eta hurrengora arte esan, besterik ezin da egin.

NAHI ETA EZIN

Nolanahi, Uste baino askoz hobeto ekin zion talde bizkaitarrak partidari. Anna Montañanak Gabija Meskonyte lituaniarra sartu zuen hasierako bostekoan Brooque Williamsen lekuan eta itxura batean erdiz erdi asmatu zuen. Hegalekoak ohi bezain bertikal jokatu zuen, zuzenean saskia bilatuz trantsizio azkarren bitartez, eta sekulako mina eman zion Enea Gorzowri aurreneko minutuetan, 5-11 aurreratu baitzen markagailuan.

Egia da poloniarren izarrak, Allana Smith australiarrak, belaunean min hartu zuela partidaren hasieran eta horri buelta ematea kosta egin zitzaiola bere taldeari. Alabaina, Wadoux eta Alleni esker eutsi zion etxeko taldeak bizkaitarraren ekimenari.

Errotazioak ez zion gauza onegirik ekarri, bestalde, Lointek Gernika Bizkaiari. Laurdena amaitzerako hiru kontraeraso garbi ametitu zituen talde gernikarrak eta, oro har, joko estatikoan lanak izaten ari zen Enea Gorzowk markagailuari buelta eman ahal izan zion, 17-15. Eta hori aski ez eta Andrijana Cvitkovicek bi falta azkar egin zituen. Handik gutxira, gainera, Gabija Meskonyte lituaniarrak min hartu zuen eskuin hankan eta ezin izan zuen kantxara itzuli.

Atsedenaldira iristerako 12 baloi galdu zituen talde bizkaitarrak eta hori dela-eta gehi defentsako errebotea ixten izandako arazoen erruz, Poloniako taldeak ihes egin zuen markagailuan, partida 34-26 zela joan baitziren aldageletara jokalariak.

Partidak aurrerantz egin ahala, Lointek Gernika Bizkaiaren baliabide falta antzematen hasi zen. Wadoux, Smith eta Allen ezin izan zituzten gelditu eta aldea handitzen joan zen, laugarren laurdena iritsi zen arte. Itziar Ariztimuño eta Roso Buch buru, 1-9ko partziala lortu zuten Anna Montañanaren jokalariek, eta beldurra sartu zitzaion talde poloniarrari. Baina nekeak, presaka jokatu behar izateak eta Horvatren talentuak ez zuen kanporaketa iraultzeko tarterik laga.