Fito RODRIGUEZ
KOLABORAZIOA

Txillardegiren Gramatika

Oraindik erbestean zegoela, Txillardegik “Sustrai bila: zenbait euskal korapilo” proposamenak argitaratu zituen “Herri-Gogoa”-n 1970ean. Gerora, ildo beretik, “Euskal Gramatika” izeneko liburua plazaratu zuen 1978an. Urte haietako alfabetatze ahaleginean funtsezkoa izan zen. Gramatika hori, batuaren bidean, zalantzak eta hutsuneak argitzeko balio zuelakoan, oso erabili izan zen.

Txillardegik euskal hiztunentzako gramatika baten oinarriak ezarri nahi izan zituen, zeren eta irakaskuntzan erabilitako aurreko gramatika ia guztiak ez baitziren euskaradunak euskaraz alfabetatzeko izan, haiei erdara hobeto erakusteko baizik. Holakoxeak izan ziren, gogora dezagun, Rafael Mikoletaren “Modo breve de aprender la lengua vizcaína” deritzana (1653), M. Harrieten “Gramatica eskuaraz eta franceses” (1714) edo “Eusqueraren Berri Onac eta ondo escribitceco, ondo iracurteco, ta ondo itzeguiteco erreglac” (1761), J.A. Kardaberaz hernaniarrak Iruñean argitaratua. Horiek guztiak, nolabait, gaztelania eta/edo frantsesa euskaldunei irakasteko gramatikak izan ziren.

A.P. Iturriaga hernaniarrak 1842an argitaratu zuen “Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primera letras de Guipúzcoa” izeneko lanaren sarreran honako hau ohartarazten digu: “Erromantzea gure gobernuaren hizkuntza izanik, eta lehen letretako maisu-maistrak beren ikasleei irakasteaz arduratzen diren neurrian, batzuei beharrezko eta ezinbesteko bihurtzen zaie gaztelera jakitea eta erabiltzea bai eta guztioi ezagutzea komenigarri izaten zaio baina, zoritzarrez, ez da bitarteko lagungarririk jarri haien irakaskuntza errazteko.“ Haren Gramatikak, jakina, horretan lagundu nahi zuen.

Halaber, J.M. Eguren hezkuntza-ikuskatzaileak 1867an argitara eman zuen bere “Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas”, zeinean garbi azaltzen du bere asmoa: «Ikasleek eskolara joaten hasten direnean ez dute gaztelania ondo ulertzen, eta hizkuntza honetan irakurtzen, idazten eta irakaskuntzako beste arlo guztiak ikasten dituztenez, kristau doktrina izan ezik, irakurtzen eta ikasten dutena ez dute ulertzen».

Ildo horretan, modernitate eta berrikuntza pedagogikoaren ikuspegia ekarri zuten B. Estornesen “Sabin euskalduna” eskuliburuak, Lopez Mendizabalen “Umearen laguna”-k eta “Irakurtzen ikasteko biderik errezena”-k. Erreferentzia didaktiko berri horiek guztiak, jakina, elebitasunari egindako ekarpena praktiko eta funtsezko faktoreak izan ziren deseuskalduntzen laguntzeko eta hizkuntzen arteko tarte diglosikoan areagotzeko.

Txillardegik, berriz, arretaz aztertu zuen bere lanean funtsezko kontraesan hori, eta hizkuntzaz, politikaz eta, bide batez, kultura nazionalaren bidez, subjektu politiko berri baten azalpena marraztu zigun. Hezkuntza eta hizkuntza intelektualizatu zizkigula ez dago dudarik. “Euskal Gramatika” ematearekin batera euskaldun guztiak euskaradunago bihurtzeko aukera emateaz gain, euskarazko adierazpenak birgaitzen, euskaldun askeagoak ere bilakatzeko beharrezko tresneria eman zigun Historiak ezarritako subordinazio kulturala gainditu ahal izateko.

Txillardegi zendu zela hamaika urte pasatu ondoren, gogora dezagun Donostiako Udal Liburutegiak haren izena har dezan emandako urratsak, tamalez, betiko boikot instituzionalarekin egin duela topo eta bazterkeria sektarioa hori politikoa dela erabat. Baina, ez ahaztu, gramatika bat idazten denean ere, politika ari da egiten: Mikoletak kalea dauka Bilbon, Kardaberazek eta Iturriagak Hernanin, Egurenek Arrasaten plaza dauka, Lopez Mendizabalek ibilbidea Tolosan eta Estornesek berak kalea du Donostian. Baina Txillardegik non du liburutegia?