GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal futbol jokalariak oso irakurzaleak direla egiaztatu dute

Unibertsitatean jakin bazekiten badirela futbol jokalari irakurzaleak, baina haien ohiturak lehen aldiz aztertu ondoren, zenbait aurreiritzi hautsi zaizkie. Athletic, Real, Eibar eta Amorebietako hamaika jokalariri -bost emakume eta zazpi gizon- egindako galdeketaren arabera, gizartearen batez bestekoaren gainetik daude, esaterako, maiztasunean: lauzpabost liburu irakurtzen dituzte urtean; batzuek, liburu bat hilean.

0114_futbol (Iñigo Uriz | Foku)

«Futbolarien artean badira irakurleak, eta irakurle oso zaletuak ere bai. Horrenbestez, kirolarien, edo zehatzago, futbolarien irakurketa mailaz dugun iritzi negatiboa aurreiritzi okerra besterik ez dela esan dezakegu». Irakurketaren sustapenean aditua den Miren Billelabeitiaren “Futbolari eta irakurle” artikuluan irakur daitekeen esaldi horrek laburbildu ditzake Lehen eta Bigarren mailako hamaika futbolariri egindako ikerketaren emaitzak.

2020an EHUko Laida Ikerketa Taldeko partaideek kaleratutako “Egungo Euskal Literatura eta Futbola II” (EHUko Argitalpen Zerbitzuak) liburuan aurki daiteke ikerketa hau, beste zenbait eduki bitxiren artean: esaterako, Almudena Grandesen futbolari buruzko ipuin bat -madrildarra euskarara ekarria izan da lehen aldiz-, Iribarri buruzko saiakera bat eta “maskulinitate berrien” azterketa bat Unai Iturriaga eta Alfonso Zaicoren “Diamanteak, urrea eta ikatza” komikia abiapuntu hartuta.

Aurreiritziak hausten

Billelabeitiak jokalariek zer, zergatik eta nola irakurtzen duten galdetu zien. Iazko denboraldian Athletic, Reala, Eibar eta Amorebieta taldeetan jokatu zuten hamaika futbolarik hartu dute parte. Zehazki, hauek dira: Xabi Etxeita, Iñigo Orozco, Miguel Angel Atienza, Ane Campos, Malena Mieres, Ander Cantero, Manu Garcia, Ander Guevara, Mariasun Quiñones, Malena Mieres, Sara Navarro, Irati Uriarte eta Eneko Boveda. Batzuk gaur egun beste talde batzuetan ari dira; batek, Eneko Bovedak, jokalari izateari utzi dio. Deportivo Alaves-ekin saiatu ziren, baina ezin izan zuten. Dena den, Manu Garcia urteetan izan da Arabako taldeko jokalaria.

Eskarmentu handia du Maite Billelabeitiak. Azken urteotan Literatura Unibertsaleko eta Euskara eta Literaturako irakasle izan da Mungiako institutuan eta irakurketa bultzatzeko praktikari buruzko gogoetan aritu da lanean. “Norberak maite duena” (Pamiela, 2022) saiakeran, esaterako, urteetan ikasle eta gazteekin liburuen inguruko solasaldietan esandakoak hartu ditu aintzat. «Asko disfrutatu dut ikerketa hau egiten eta idazten», aitortu zuen atzo futbol munduan egindako azterketa honi buruz mintzatzean. Aurreiritzi asko, horien artean bereak propioak, hautsi ditu lanak: «Prestatuta nengoen, irakasle moduan, askotan izan dut horrelako apaltasun ariketa egin beharra».

Futbolariak aisialdiari lotutako generoak gustukoagoak izango zituztelakoan zegoen, baina... «Nobela beltza asko espero nuen, eta badago, baita nobela historikoa ere -eta badago hori ere, errazago irakurtzen delako-, baina harritu nintzen poesia ere agertzen delako, euskaraz ere irakurtzen dutelako batzuek, ez gaztelaniaz soilik, eta literaturako klasikoak irakurtzen dituztelako. Saiakera ere irakurtzen da, eta beste gai bitxi batuk: ekonomia, biologia, soziologia... Gogoan dut nola bati, harrituta, galdetu nion: ‘Zer dela eta irakurtzen duzu hori?’. Esan zidan: ‘Arlo horretan egin nituen nire ikasketak eta interesatzen zait’».

Eneko Bovedak, Athleticeko ikuskatzailea egun, 2022ko udan jokalari izateari utzi zion Zipren, eta gertutik ezagutzen du mundu hau: «Futbolari buruz aritzen garenean guztioi etortzen zaigu burura piramidearen gailurra. Baina futbolari mota asko daude: batzuk aberatsak, beste batzuk erdi aberatsak eta beste batzuk soldata xume bat jasotzen dutenak. Jokalari mota prototipo konkretu hori desmuntatu behar dugu, zeren logikoa da pentsatzea futbolarien artean, tabernari edo irakasleen artean bezala, denetarik dagoela».