Zuriñe IGLESIAS
MENDI LASTERKETA

Zegama-Aizkorri mendi maratoia aurkeztu dute

Iragan urteko mendi maratoiko irudi bat.
Iragan urteko mendi maratoiko irudi bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren aurkezpena egin zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian. «Herri bat elkartzen duen ekimena da: herrian oinarrituta, eta herria helburu duena»; halaxe definitu zuen Joseba Izagirre Zegamako alkateak jada klasiko bat bihurtu den lasterketa. Aurtengoa 22. edizioa izango da, eta maiatzaren 14an, igandean, lehiatuko dira korrikalariak. Proban izena emateko epea datorren astelehenean irekiko da, urtarrilaren 16an, 12.00etan, rockthesport.com plataforman, eta urtarrilaren 26an itxiko da.

Urtero maratoiak aurreinskripzioen errekorra hausten du, eta iazko edizioan antolatzaileek 12.500 eskaera baino gehiago izan zituzten. Lasterketa, baina, 500 partaidera mugatuta dago, eta horietatik 225 zozkatzen dira. Beste 125 dortsal ere gordetzen dira aurreko bi edizioetan denborarik onenak egin dituztenentzat; 25, emakumeentzat eta 100, gizonentzat. Dortsalen zozketa otsailaren 24an izango da.

Aurkezpeneko prentsaurrekoan Iker Goiria Gipuzkoako Aldundiko Turismo zuzendariak azpimarratu zuen Zegama-Aizkorri mendi lasterketa berezi egiten duela bertan arnasten den giroak: «Herriak dena ematen du lasterketa ondo joan dadin, eta pasio osoz egiten dute, gainera». Turismo aldetik, Goiriak adierazi zuen «maratoiak munduan kokatzen» gaituela, eta «txirrindularitzan Tourrak duen adinako harrabotsa» duela Zegamako lasterketak.

Bere aldetik, Joseba Izagirre Zegamako alkateak esan zuen «garai bateko beharrak, elkarlanak, irudimenak eta ilusioak» eragindako ekimena dela, eta nabarmendu, herri txikien eguneroko borroka dela «geroa bermatzea». «Herritarrak herriarekin identifikatuta sentitu behar du, eta horregatik da gure helburu nagusia herritarrak Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ardatz izatea», azpimarratu zuen Zegamako alkateak.

Bestalde, Alberto Aierbe Zegama-Aizkorri maratoiko antolatzaileetako bat denak adierazi zuen ibilbidean ez dela aldaketarik egongo. Horrez gain, Aierbek nabarmendu zuen ahalegin berezia egiten ari direla lasterketan ahalik eta plastiko gutxien erabiltzeko.