GARA Euskal Herriko egunkaria

«Kings League», Ligarekin lehiatu nahi duen proiektuaren argi-Ilunak

Erretiratutako eta laugarren kategoriako jokalariak Gerard Piquek eta Ibai Llanosek abiatutako ‘Kings League’ proiektu berrian biltzen dira. Lehen jardunaldietako partidek milioi bat ikusle inguru bildu dituzte, nahiz eta zaila dirudien Ligaren lehiakide serio bihurtzea.

«Enigma 69» izan da Kings League-ren amu handienetako bat. Lehen Mailako jokalari aktiboa da, 30 urtetik beherakoa, eta horregatik mozorroarekin jokatu behar izan du. (KINGS LEAGUE)

Kings League kirolari ohi eta youtuber batzuen sare sozialetan pil-pilean dagoen kirol eta komunikabide-proiektu berria da. Txapelketa honen jarraitzaileek -baita sortzaileetako batzuek ere-pentsatzen dute futbol 7ko liga hori Profesionalen Futbol Ligaren zuzeneko lehiakide izan daitekeela epe laburrean. Baina, nor dago proiektu honen atzean? Eta, benetan bilaka daiteke mehatxu Liga ahalguztidunarentzat?

Kings League horren atzean kirol eta Internet munduan oso ezagunak diren izen batzuk daude, FC Bartzelona taldeko jokalari ohi Gerard Pique buru. Proiektuaren parte dira, halaber, Iker Casillas eta Sergio ‘Kun’ Agüero jokalari ohiak, Ibai Llanos Spursito eta DJ Mario «eduki-sortzaileak» eta Gerard Romero kazetaria, besteak beste.

Jokalariei dagokienez, bi multzotan bereizi behar dira. Talde bakoitzak gutxienez zortzi jokalariz osatutako plantilla «finkoa» du. Berritasuna, eta antolatzaileek espektatibak sortzeko astero erabiltzen duten osagaia, jokalari «gonbidatuak» dira. Lehenengo bi jardunaldietan, Kings Leaguetik pasatu dira Ibai Gomez bilbotarra, Joan Capdevila, Ruben de la Red, ‘Chicharito’ Hernandez, Javier Saviola, Sergio Garcia, Javi Chica, Didac Vila eta Joan Verdu, denak ere Lehen Mailan ibilitakoak eta nazioarteko futbolean eskarmentua dutenak.

Multzo honetan aipamen berezia merezi du «Enigma 69»-ren kasuak. Piquek lehenengo jardunaldiaren erakargarri nagusitzat jo zuenean, lehen mailako jokalari aktiboa zela esan zuen, 30 urtetik beherakoa, eta horregatik mozorroarekin jokatu behar zuela. Fisikoan eta gorputzeko zenbait xehetasunetan oinarrituta (lepoko tatuajeak, adibidez), sare sozialen erabiltzaileek berehala sumatu zuten Nano Mesa zela, eta Ibai Llanosek teoria hori egiaztatu zuen, akats baten ondorioz, zuzeneko batean.

Kontua da Mesa talderik gabe dagoela joan den udan Cadizekin kontratua amaitu zuenetik, azken denboraldia Zaragozaren elastikoarekin jokatu ostean. Lehen Mailan Eibarren taldean izan zen 2016-17ko denboraldian, nahiz eta Bigarren Mailako taldeetan egin duen bere ibilbidearen zatirik handiena. Kings Leaguen egindako lana «tamalgarria» zela esan zuten ikusleek ia aho batez, baina ordurako trikimailuak funtzionatu zuen. Izan ere, ikusmina sortzea da gakoa.

«Ea nork ikusiko duen igandean Rayo-Betis edo Sevilla-Getafe bat Kings League-aren ordez», esan zuen taldeetako lehendakarietako batek, Piquek ‘Enigma 69’-k parte hartuko zuela iragarri zuenean. TVTOPeko datuen arabera, Kings Leagueko bigarren jardunaldiak 558.000 ikusle izan zituen batez beste, eta 945.000 ikusle «urrezko minutu» batean. Datu ikusgarri horiei ñabardura bat egin behar zaie Ligako edozein partidarekin alderatu aurretik: Interneten dohainik ikus daitekeen lehiaketa bat da, eta gaztelaniaz hitz egiten duten herrialde guztietan eskuragarri dago.

Ligako presidentea bera, Javier Tebas, ironiaz mintzo da Kings Leaguek ekar lezakeen lehiaren inguruan. «Zirku» gisa gustatzen zaiola esan du, baina futbolaren industriarekin konparaezina dela erantsiz: «Futbola ezin dela ‘Pasapalabra’rekin alderatu, nahiz eta programarik ikusiena izan».

Oraingoz, zaila dirudi laugarren eta bosgarren kategoriako jokalariek, erretiratutako jokalariekin batera, futbol profesionala estutzea. Baina Kings Leaguek erakuts diezaioke Tebasi, eta jende askori, batez ere gazteak futbolera erakarri beharra dutela, zenbait aldagai direla-eta nabarmen aldentzen ari direlako. Audientziak demokratizatu eta garai berrietara egokitu beharko dira akaso.

eSports-en garrantzia

Aldi berean, “eSports” direlakoen (liga formatuen bidez garatzen diren bideojokoen) hazkundea begi-bistakoa da. Eta Pique eta Agüerorekin gertatu den bezala, zenbait futbolariren arreta bereganatu dute. Euskal Herrian adibide nagusia Osasunako jokalari Ruben Garciarena da, eSports-en Guasones taldearen zuzendari nagusia baita. Orain Jon Moncayola, hau ere jokalari gorritxoa, batu zaio proiektuari.

Azken datuen arabera, gaur egun munduan 454 milioi ikusle dituzte kirol arloko bideojoko antolatu hauek. Estatu espainolak horien %4 biltzen ditu. Bertan, 2019. urtean 600 lagun aritzen ziren honetan profesional gisa, baina pandemiaren ostean kopuru hori izugarri handitu dela antzeman daiteke. 2020ko konfinamenduaren garaian kirol jarduna eten zenean telebista bidez eman ziren lehiaketa batzuk, eta ikusle asko bildu eta eSports hauen zabalpena azkartu zuen.

FIFA bideojokoaren arrakasta du oinarri eSportsen garapenak. Azken hiru hamarkadetan 350 milioi ale saldu dira, formatu fisikoan edo digitalean, eta sobera da esatea gazte eta ez hain gazte diren askorentzat berdegunean jokatzen den futbola baino erakargarriagoa dela.