GARA
ERREMONTEA

Barrenetxea IV.a da larunbatean hasiko den Masterserako faboritoa

Kutxabank Masters txapelketan parte hartuko duten lau pilotariak.
Kutxabank Masters txapelketan parte hartuko duten lau pilotariak. (Maialen ANDRES | ORIAMENDI 2010)

Endika Barrenetxea hernaniarra da faboritoa atzo Galarretan aurkeztu zuten Kutxabank Masters Txapelketa irabazteko. Banakakoan txapeldun izan zen Urriza oraindik ez dago sasoian eta ez du jokatuko, eta, beraz, aipaturiko Barrenetxearekin batera, Ezkurra II.a, Azpiroz eta Ansa II.a erremontistek jokatuko dute txapela eskuratu nahian. Guztira bost partida izango dira.

Aurtengo Masters Txapelketa larunbat honetan bertan hasiko da ligaxka-aurreko batekin. Ezkurra II.a eta Azpiroz izango dira protagonistak eta bien arteko partida irabazten duena hiruko ligaxkara pasako da eta galtzailea kanporatua izango da. Ligaxkan hiru erremontista ariko dira: Barrenetxea, Ansa eta larunbateko ligaxka-aurreko irabazlea.

Hiru pilotarik hartuko dute parte ligaxkan eta denek denen aurka jokatuko dute urtarrilaren 28an, otsailaren 4an eta otsailaren 11n. Puntuazio sistema erabiliko da. Hala, partiden irabazleek lau puntu lortuko dituzte, 29tik 27 tantora artean egiten dituztenek bi puntu batuko dituzte, 26tik 24 tantora puntu bat lortuko dute, 23tik 17 tanto artean ez da gehituko punturik eta 16 tanto edo gutxiago eginez gero, puntu negatiboa izango da.

Ligaxkan lehen bi postuetan geratzen diren erremontistek jokatuko dute Masters txapelketako finala otsailaren 18an, Galarreta pilotalekuan. Bi erremontistaren artean puntu berdinketa badago, bi pilotari horien arteko partida irabazi duen pilotariak lortuko du aurretik geratzea. Hiru erremontistak berdintzen badute, ordea, tanteo globala hartuko da kontuan.

Lehen aipatu bezala, Barrenetxea IV.a da hautagai nagusia eta aurkarien artean Ansa da emaitzarik onenak lortu dituena azken urteetan. Iaz bien artean jokatu zen finala eta hernaniarrak lortu zuen txapela. Bi txapel jantzi ditu (2020an eta 2022an) eta hirugarrena eskuratu nahi du. Gainera, azken bi final handietan txapeldunorde geratu da eta arantza hori atera nahiko du atzelari hernaniarrak.