GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Sozietate zergaren bidegabekeria bikoitza


Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak atzera bota zuen atzo Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako mozioa, Foru Gobernuari sozietateen gaineko zerga aldatzeko eskatzen ziona. Proposatutako aldaketaren helburua nahiko argia eta sinplea zen: sozietateen gaineko zergak baliabideak biltzeko gaitasuna handitzea. Proposatzaileekin batera, EH Bilduk eta Podemosek aldeko botoa eman zuten, eta Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik, aldiz, ezezkoaren frontea osatu zuten. Boteretsuen pribilegioak defendatzeak koalizio bitxiak sortzen ditu.

Mozio errepikakorra dela eman dezake, berritasun gutxi dakarrena, eta, gainera, proposamena egin dutenek aurrera ateratzeko indar nahikorik ez dutenez, eguzkitan topa egin dutela eman dezake. Hala eta guztiz ere, eztabaida politikoan garrantzitsua da, behin eta berriz, enpresek gizarteko aberastasunaren zati gero eta handiago bat bereganatzeak -ia bi puntu igo da urteko errentan duten partaidetza azken hogei urteetan- eta, aldi berean, diru-kutxa publikoei egiten dieten ekarpena ia erdira murrizteak dakarren bidegabekeria izugarria mahai gainean jartzea. Gainera, zerga gutxiago ordaintzeak ez du esan nahi enpresek gehiago inbertitzen dutenik eta, ondorioz, enplegu gehiago sortzen dutenik, baizik eta banatzen dituzten dibidenduak handitzeko aukera zabaltzen zaiela. Horrela, akziodunak dira bidegabekeria horren benetako onuradunak; horien artean funts putreak nabarmentzen ari dira, izan ere, enpresen jabetzan gero eta zati garrantzitsuagoa eskuratu baitute. Injustizia bikoitza da, errentarien klaseak gehiago irabazteaz gain, langileek ongizate estatuaren gastuei egiten dieten ekarpena handitu egiten baita.

Badirudi errealitate bidegabe horrek ez dituela batere kezkatzen statu quo-a defendatzen duten alderdiak. Aberatsek justiziaz dagokiena ordaintzea planteatzen den bakoitzean, denak batera agertzen dira aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa defendatzen. Ematen du Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik ahaztu egin dutela jendarte demokratikoa eraiki ahal izateko oinarrizko gakoa dela aberastasunaren bidezko banaketa lortzea. Zergak behar dira, ez filantropia.