JAN. 21 2023 KOLABORAZIOA Herritarrek nahi duten hizkuntzan Rober GUTIERREZ Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria Euskarari buruzko iritziak” izeneko ikerketaren emaitzak argitaratu zituen Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak abenduaren bukaeran. Euskara sustatzeko jarduera gutxi batzuen inguruan galdetu zaie inkestan parte hartu dutenei. Lan munduari lotutako erantzunen artean, honakoak nabarmenduko nituzke: batetik, %95 ados daude Administrazioak herritarrek aukeratzen duten hizkuntzan erantzun behar izatearekin; bestetik, enpresek edota entitate pribatuek herritarrek aukeratzen duten hizkuntzan erantzuteko edo atenditzeko ahalegina egin beharko luketen galdetuta, %4 baino ez dira aurka agertu. Enpresetan euskaraz aritzearen inguruan galdetuta, %85ek diote enpresek langile gazteei aukera eman beharko lieketela euren lanpostuetan euskaraz jarduteko; %4 baino ez dira ideia horren aurka agertu. Langile gazteen inguruan baino ez dute galdetu, agian lan merkatura jauzi egiten ari den belaunaldiaren ezagutza maila altuagoa kontuan hartuta. Euskara sustatzeko lehentasunezko eremuak hezkuntza, administrazio publikoa, ekintza kulturalak eta hedabideak dira EAEko herritarren gehiengoaren iritziz. Merkataritzaren eta lantokien esparrua beherago daude lehentasunen artean. Esan bezala, iritzi gutxi batzuen inguruko ikerketa da. Euskararen inguruko pertzepzio eta jarreretan sakontzeko, hori baino ikerketa zabalagoa beharko genuke, politikak zein plangintzak egoki bideratzeko, beharrezkoa baita herritarren iritziak, motibazioak eta pertzepzioak ondo ezagutzea. Azken boladan politika egiten ari direnak zenbait epaile dira. Urtea hastearekin batera, EAEko Auzitegi Nagusiak epaia kaleratu berri baitu, CCOO sindikatuak egindako eskaera aintzat hartuz. Bertan zehazten den bezala, Barakaldoko Udalak ezin izango die euskara eskakizunik ezarri Udalaren zerbitzuak eskainiko dituzten enpresa pribatuetako langileei, nahiz eta kontratatzailearen egoera juridikoa ez izan herritar norbanakoarena, administrazio-zerbitzu kudeatzailearena baizik. Horren ondorioz, biztanleon eskubideak urratuko dira. Epaileak ez dira kontuan hartzen ari indarrean dagoen legedia, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren arabera, kontratuetan beharrezkoak diren klausulak sartu ahalko baitira, bai eta hizkuntzari buruzkoak ere. Gainera, lanpostuetan hizkuntza ofizial bietan jarduteko gaitasuna duten langileak jarri beharra jasotzen du. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Udal Legearen arabera, toki-erakundeek egiten dituzten kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko dira, herritarrak artatuak izateko haiek hautatzen duten hizkuntza ofizialean eta zerbitzua emateko, hizkuntza baldintzei dagokienez, zerbitzuaren administrazio titularrari exijitu ahal zaizkion baldintza beretan. Herritarrek nahi duten hizkuntzan erantzuteko, hizkuntza klausulak ezarri, baloratu eta aintzat hartu beharko lirateke kontratazio publikoan, zerbitzu esleipenetan eta dirulaguntza deialdietan, are gehiago lurralde honetan bizi garen pertsonoi zuzendutako zerbitzuak badira edo proiekzio publikoa badute. Arduratsu jokatzeak eta legedia betetzeak hizkuntzaren beraren garapenean, elkarbizitzan eta gure ongizatean eragiten baitute.