GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Ihesean


Duela mendeak atzera, Seneka filosofo estoikoak bere “Bizitzaren laburtasunaz” testuan ederki esan zuen: «aski sobera eman zaigu bizitza, eginkizunik handienak burutzeko nahikoa eta sobera, hura osorik eta ongi maneiatuz gero. (…) Bizitza ez da laburra, geuk egiten dugu labur». Nire irudipena da bizitza labur egiten dugula ihesean bizi garelako gero eta gehiago. Ihesean bizi gara asteburu osoa «Netflixeko maratoia» eginez, telesail baten hiru denboraldi jarraian ikusten ditugunean; lanetik edo ikastetik itzuli, sofan bota eta arratsaldeak bideo-jokoetan jolasten edota sare-sozialak begiratzen denboraren nozioa galtzen dugunean: besteen Instagrameko storieak kuxkuxeatzen, Tik-tokeko dantzak entseiatzen, Twitterreko mezu probokatzaileenak bilatzen...; ihesean bizi gara tristurak ahazteko asteburuero parrandaz parranda gabiltzanean eta gehiegi edaten dugunean, edo workalcoholic batzuk garenean etxera itzuli nahi ez (edo ezin) dugulako.

Ikusi bezala, hamaika ihesbide daude, baina funtsean denek helburu berdina dute: pentsamendua oztopatzea, hausnartuz bizitzeari uztea, geurekiko eta geure bizitzarekiko galderak ukatzea, hots, filosofiaren jarduna galaraztea, horren ordez «pilotu automatikoa» jartzeko. Ihesbideek erosotasuna bilatzen dute, dibertsioa, sufrimendu eza, anestesia. Ihesbideek dakarte egiazko edo zinezko bizitzaren kargu ez egitea.

Baten batek esango du pentsamendua ezin dela isilarazi eta nahi eta nahi ez pentsatzen dugula gizakiok. Zalantzarik gabe, pentsamendua hutsik uztea ezinezkoa da, baina pentsamendura zer datorkigun, horrek zer sentiarazten digun eta sentimendu horrekin zer egiten dugun, hor dago gakoa. Izan ere, maiz pentsamenduak kezkak dira, beldurrak, frustrazioak, eta ihesbideen bitartez bat-batean kezkek edo ardurek pisua galtzen dute, estualdi edo larritasun egoerak leuntzen ditu eta horiek arnas-uneak ematen ditu. Funtsean, ihesbideak aterabideak ere badira, tarteka pentsamenduaren mamuek dakarten itoalditik irteteko; baleek egiten duten antzera, noizbehinka ur gainera irten eta arnasteko.

Ezbairik gabe, ihesbideak aterabideak ere badira, hain zuzen ere, errutina itogarritik ateratzen gaituztelako, ihesa bera errutina (edo bizio) bilakatu daitekeen arren. Izan ere, hasieran noizbehinkako aterabidea zena motz gelditzen da, eta gero eta gehiago behar ditugu, konturatu orduko, bizitzak berak ihes egin digun arte.

Hain zuzen ere, bizitzearen xedea ez baita bizirautea soilik; jakina, bizirik gauden heinean bizitza daukagu, baina denok ez daukagu bizitza benetan eta osoki bizitzeko aukerarik; hain justu, bizitzea hausnartzea delako, bide askoren artean bat hartzea, edo norbere bidea eraikitzea. Bizitzea gozatzea delako, maitatzea, arriskatzea, zalantzez josita egotea. Bizitza bizipenak edukitzea da eta bizirik sentitzea. Bizirik sentitzeko modu asko daude, aitzitik, ez da sekula izango pilotu automatikoa jartzea; bizirik sentitzeko ez digu balio anestesiak, ez digu balio sentimendu eta emozioei muzin egiteak.

Arrazoi horregatik, agian komeni da ihes egiteari utzi eta geldiune bat egitea. Akaso, galdetu behar diogu geure buruari zergatik sentitzen dugun ihesbideen premia, zergatik egiten ari zaigun bizitza hain jasanezin ihesbideak behar izateko. Beharbada, galdegin behar dugu nola eduki bizitza ona, nola egin geure bizitza bizigarri.

Laburra da bizi dugun biziaren zatia, gainerakoa ihesean igarotzen baitugu.