GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Laurden txar batek galdu du Gernika

Maria Araujo gaindiezina izan zen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Oraindik martxoaren 30era arte astia dago, orduan Lointek Gernika Bizkaiak Spar Girona izango baitu aurkaria Kopako final-laurdenetan. Baina atzo talde gernikarrak argi asko ikusi zuen nolako arerioa den Girona, eta baduela zertan hobetua, bestalde.

Ordurako sendatuko ahal dira Meskonyte eta Wojta. Bestela ere, Maria Araujo eta Marianna Tolo geratzen nahikoa lan izango dute bizkaitarrek. Pibot australiarra eta hegal-pibot galiziarra indartsuegiak izan ziren. Aurreneko laurden txar bat, 11-25, nahikoa izan zen partida talde katalanaren alde bideratzeko. Saiatu ziren Anna Montañanarenak, baina 63-75 galtzeaz gainera, aukerarik ez zuten inoiz izan neurketari buelta emateko.

Aurreneko laurdenean erabaki zen dena. Batetik, Sofia Da Silvak berehalako baten bi pertsonal egin zituen eta, horrez gain, erreboteak hartzeko orduan Tolo pibot australiarra erraz nagusitu zen. Hori gutxi ez eta, 6-15 aurreratu zen Girona, Maria Araujo eta Syksen hirukoei esker. Tolok uztaipean sortzen duen beldurra dela-eta, uztaipean defentsa gotortzen saiatu ziren bizkaitarrak, eta ordainetan hirukoak oso bakarrik bota ahal izan dituzte katalanek, sekulako eraginkortasuna erakutsiz.

Brooque Williams edo Roso Buch jokatzeko zeuden, eta haien lanari esker pare bat bider hamar puntu ingurura hurbildu zen Lointek Gernika Bizkaia. Dena den, Gironak errekurtso mordoa dituela erakutsi zuen eta asko sufritu gabe nagusitu zen.

IGANDE EGUERDI BETEA

ACB Ligako euskal taldeek eguerdian jokatuko dute; 11.45ean IDK Euskotrenek eta 12.15ean Araskik.

Koparako sailkapena du buruan Surne Bilbao Basketek, baina horretarako Palau Blaugranan irabazi beharko du, eta Valentzia Basketek, Breoganek eta Obradoirok galdu beharko dute Zaragoza, Real Madril eta Baskoniaren aurka. Henry eta Sedekerskis gabe jokatuko dute gasteiztarrek. Ikusi egin behar zenbateko muga suposa dezakeen horrek. Galiziarrak ere bajaz betea daude.

Ezinezkoa dirudi bilbotarrek aurreneko itzulia zortzigarren amaitzea, baina Barçari irabaziz gero, aukera bat izango lukete.