GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Urrats erraldoia baina bakarra ematea falta da arrakasta osorako bidean

Realak bere historiako bigarren titulua bilatuko du gaur, Barcelonaren kontra jokatuko duen Superkopako finalean. Orain dela hiru urteko finalean egundoko jipoia jaso zuen, baina «gaurko Reala ez da ordukoa», gogoratu du Nerea Eizagirrek.

Torrejon eta Eizagirre kapitainak, trofeoaren aurrean, Meridako Antzerki Romanoan. (RFEF)

Realak bere historiako hirugarren finala jokatuko du gaur. Meridako Estadio Romanoan izango da (12.00, Teledeporte). 2019ko Koparen ondoren, bigarren titulua eskuratzeko urrats bakarra, baina erraldoia. Zailtasuna, edozein finalek duen exijentziaz gain, aurkariak jarriko du, munduko talderik indartsuenetakoa izango baitute aurrean donostiarrek, zenbakiak agerian uzten duten bezala: azken 18 hilabeteetan jokatu dituen 69 partidetatik 66 irabazi ditu Barcelonak -hiru porrotak Txapeldunen Ligan jaso ditu- eta lehiatu dituen azken hamar finaletan zortzi titulu eskuratu ditu. Horien artean, Realaren aurka 2020an Salamancan irabazi zuen Superkopa, zuri-urdinei sekulako jipoia emanda.

Arantza horrekin ekingo dio talde donostiarrak erronkari, baina baita beste argudio batzuekin ere, askoz positiboagoak. Ilusioa, zalantzarik gabe, denboraldiko helburu handienak desagertu ondoren areagotuta. Eta, agian garrantzitsuagoa, talde biek Johan Cruyffen Ligako lehen itzulian jokatutako partidak eskaintzen dion erreferentzia. Neurketa hura galdu egin zuen Realak, baina inoiz ez du hain hurbil izan Barcelona menderatzea, eta gutxitan ikusi dugu, garaiezintasun-aro honetan dagoenetik, Kataluniako taldea horrela sufritzen. Zuri-urdinek argi dute aurkariaren “laguntza” ere beharko dutela, Barcelonak bere bertsio onena eskaintzen duenean aukera gutxi izaten baitituzte lehiakideek. Gutxienez, ondo dakite zein bide ibili behar duten gorri-urdinen noizbehinkako ahultasuna eragiteko eta, lortuz gero, aprobetxatzeko.

Horri guztiari gehitu behar zaio Realak azken urte hauetan jarraitu duen goranzko ibilbidea. «Gaurko Reala ez da orain dela hiru urteko finala jokatu zuena -esan du Nerea Eizagirrek-. Taldean hobekuntza bat egon da. Hobetzen ari gara, hazten… Talde gogorragoa gara. Eta ondo prestatuta heldu gara». Barcelona «faborito argia» dela onartu arren, Natalia Arroyok gogoratu du «Realak lau urtetan jokatuko duen hirugarren finala» dela. «Horrek azken urte hauetan eman diren aurrerapausoak erakusten ditu».

Biek azpimarratu dute, gainera, historiako bigarren titulua irabazteak pizten duen ilusioak taldeari eman behar dion indarra. Ez du uste Arroyok, hala ere, erabakigarria izango denik Barcelona bezalako talde baten kontra, ez baita irabazten nekatzen. «Irabazten jarraitu nahi duen taldea ikusten dut. Inork ez diezaiola tronua kendu. Gainera, Koparekin, askoz gehiago estutuko dute jokatuko dituzten lehiaketetan -esan du-. Nik uste dut ilusioak mugituko gaituela, eta horrek abantaila bat eskaintzen badigu, askoz hobe. Baina Barcelona gose berarekin dagoela uste dut».

Donostiarrek abantailaren bat izatekotan, Barcelonak errekuperatzeko izan duen denbora gutxiagoan eta Real Madriden aurka lehiatu zuen finalerdiaren exijentzia altuan egon daiteke. Azken finean, 120 minutu jokatu behar izan zituen, eta Realak baino egun bat gutxiago izan du errekuperatzeko eta finala prestatzeko. «Barcelona sobera prestatuta dago halako denbora gutxian beste partida bat jokatzeko; ohituta dago, eta talde zabala eta ona dauka kalitatezko jokalari freskoak aukeratzeko -azaldu du Arroyok-. Baina egia da faktore hori nabaritu daitekeela. Edozein kasutan, gure esku dago faktore hori baliatzea; guk izan behar dugu abantaila bihurtzen saiatu behar dugunak».

Andreia eta Allegra deialdian sartu dira

Balizko nekearekin batera, finalerdiak arrastoren bat utzi du Jonathan Giraldezen taldean. Irene Paredesek txartel gorria ikusi zuen eta, beraz, ezin izango du bere talde-ohiaren kontra jokatu. Gainera, Cata Coll, Jana, Engen, Alexia, Graham Hansen eta Bruna lesionatutako futbolariek ez dute Meridara bidaiatu.

Realak, aldiz, albiste onak ditu, Azken lau partidak galdu dituen Andreia Jacintok lesioa gainditu du eta deialdian sartu da. Aulkian egongo da Allegra Poljak ere, urritik minutu bakarra jokatu ezin izan ondoren, baina bere kasuan zaila dirudi soropilean ikustea. Natalia Arroyoren azalpenei jarraituz, «bere itzulera azkarregia izango» zela adierazi du. Andreia, berriz, prest ikusi du, ostegunetik taldekideekin batera entrenatu ondoren. Gauzak horrela, Ceci eta Santana izango dira partida harmailatik jarraituko duten bakarrak.

Zelairatuko den taldeari dagokionez, asteazkenean jokatu zuten futbolari guztiak errekuperatu diren arren eta entrenatzaileak aldaketa larregi egiteko ohiturarik ez badu ere, litekeena da Arroyok hamaikakoa freskatzea. Batez ere, zenbait jokalarik pilatu duen ahaleginaren nekea (Vanegas, Bernabé, Eizagirre, Iris eta Gaby titularrak izan dira urtarrileko partida guztietan) eta Barcelonak exijitzen duena kontuan hartuta. Amaiurrek hasieratik jokatzea espero da -noren ordez, hori izango litzateke zalantza-, eta Etxezarreta eta Maddi ere taldean sar litezke. A.U.L.