GARA Euskal Herriko egunkaria
EMAKUMEEN LIGA

IDK Euskotrenek aste petralena goxatu du


IDK Euskotrenek denboraldiko asterik petralena goxatu zuen atzo Gasca pabiloian Estudiantesi 72-67 irabazita. Azu Muguruzarenak 11-23 galtzen izan ziren bigarren laurdenean baina, hirukoz hiruko, buelta eman zioten demari eta sasoiko zortzigarren garaipena eskuratu zuten.

Hain zuzen, Maria Españaren hirukoek erabaki zuten lehia; Ibaetako taldeko kapitainak 22 puntu sartu zituen, baina kopurua baino, noiz sartu zituen izan zen garrantzitsuena.

Lehen erdia amaitzear zela ia kantxa erditik asmatu zuen. Partidako azken segundoetan, aldiz, markagailua 67-65 zela, ia nahi gabe, taula jota sartu zuen azkenean partida erabaki zuen hirukoa. Horrez gain, mesede galanta egin zion talde donostiarrari azken laurdenean Estudiantesek bost jaurtiketa libre kale egin izanak edo uztaipean hainbeste huts egiteak.

ARASKIK ZORTERIK EZ

Luzapenean, 65-63, eta merezi baino zigor handiagoa jasota galdu zuen Kutxabank Araskik Zaragozan.

Gaizki hasi ziren, 18-2 galduz, Made Urietarenak, baina Tanaya Atkinson eta Flor Chagasen eskutik partida berdintzea lortu zuten dema 55na amaitu zen arte.

Luzapenean aurretik ere joan ziren arabarrak, baina hainbat jaurtiketa libre huts egin zituzten orduan. Partida 63na zela, Gatling Zaragozako pibotak bi jaurtiketa libre kale egin zituen, baina errebotea etxekoek hartu eta Vega Gimenok Fiebich hegaleko alemana aurkitu zuen, honek garaipenaren saskiratzea lor zezan.