GARA Euskal Herriko egunkaria

PREMIER LEAGUE DA ALDE HANDIZ LIGA ABERATSENEN ARTEAN ABERATSENA

Deloitte enpresak urtero egiten duen txostenaren arabera, gizonezkoen futbolaren historian aurreneko aldiz, munduko hogei klub aberatsenetatik erdiak baino gehiago Premier Leaguekoak dira. Manchester City da 2021-2022 denboraldian diru-sarrera gehien jaso dituena (731 milioi euro), bigarrenez jarraian, gainera.

Kevin de Bruyne Manchester Citykoa eta Luke Shaw Manchester United-ekoa, hilabete honetan Old Trafforden jokatu duten derbian. (Martin RICKETT | EUROPA PRESS)

Taldeen arteko lehiakortasunak egiten du berezi Premier League-a. “Big six deituriko taldeetako edozeinek irabaz dezake liga -Manchester City, Liverpool, Chelsea, Arsenal, Manchester United eta Tottenham-, eta horietako batek baino gehiagok ezustekoren bat izan sailkapenean azken postuetan doan talderen batekin. Txapelketa hori lehiakorra izatean eragina du diruak; aurrekontuari dagokionez, taldeen artean ez dagoelako hainbesteko alderik, gainerakoetan ez bezala. Deloittek urtero egiten duen txostenak hori besterik ez du berretsi: Ingalaterrako taldeak direla aberatsenen artean aberatsenak.

Gizonezkoen futbolaren historian aurrenezko aldiz, munduko hogei klub aberatsenetatik erdiak baino gehiago Premier Leaguekoak dira, 11 guztira. 2021-2022 denboraldian Manchester Cityk eutsi dio lehen postuari, bigarren urtez jarraian, 731 milioi euroko diru-sarrerekin. Real Madril du atzetik, 713,8 milioi eurorekin, eta Liverpool da hirugarrena. Jürgen Kloppen taldeak jauzi handia egin du iazko sasoitik honetara; zazpigarren postutik hirugarrenera igaro baita, 701,7 milioi eurorekin, eta estreinako aldiz ere aurrea hartu dio Manchester United taldeari. Liverpoolen diru-sarrerak handitu izanaren arrazoia, hein handi batean, Txapeldunen Ligako finalera iritsi izana da, telebista eskubideak, eta etxean jokatutako partidetatik gutxi gorabehera 88 milioi euro zakuratu izana.

Lehen hamarren artean sartzen diren Ingalaterrako ligako gainerako taldeak Manchester United, Chelsea, Tottenham eta Arsenal dira. West Ham, Leicester, Leeds, Everton eta Newcastle klubak ere sartzen dira diru gehien duten lehen hogeien zerrenda horretan. Ingalaterratik kanpo, Real Madril taldeaz gain, PSG (bosgarrenean), Bayern Munich (seigarrenean), Bartzelona (zazpigarrenean), Juventus (hamaikagarrenean), Atletico Madril (hamabigarrenean), Borussia Dortmund (hamahirugarrenean), Inter Milan (hamalaugarrenean) eta AC Milan (hamaseigarrenean) daude.

Deloitte enpresak urtero egiten duen Football Money League (Futboleko Diruaren Liga) txostenak eman ditu datu horiek, eta 27 urte dira hori egiten dutela. Iazko sasoiarekin alderatuta, diru-sarreretan %13ko igoera izan dute zerrendan dauden Ingalaterrako klubek. Igoera horren eragile nagusia covid-19aren osteko lehen denboraldian zaleak estadioetara itzuli direla da. Izan ere, partida egun bakoitzeko, 111 milioi eurotik 1.400 milioi eurora igo da bildutako diru kopurua.

NAGUSITASUNAK, AURREKARIRIK EZ

Zal Udwadia Deloitteko kirol enpresa taldeko zuzendariordeak “The Guardian” egunkariari jakinarazi dionez, «ingelesen nagusitasun horrek ez du aurrekaririk»: «Premier League hazten ari da dirua inbertitzen ari direlako, gero eta emisio-eskubide gehiago dituztelako eta, hala, mundu mailan erakargarri izatea lortzen ari direlako. Beste liga batzuek neurriak aztertu dituzte taldeen artean dagoen arrakala hori gainditzeko, baina oraindik hazteko bidean daude».

Horrez gain, Udwadiak nabarmendu du egindako hogei kluben sailkapena 30era zabalduz gero Premier Leagueko hamasei klub egongo liratekeela. Beraz, haren ustetan, denbora kontua da Ingalaterrako gorengo ligan dauden hogei taldeak munduko 30 klub aberatsenen zerrendan sartzea.

Tim Bridge Deloitteko kirol enpresako bazkideak, bestetik, ikerketaren datuen berri jakin ostean, zalantzan jarri du gainerako ligek inoiz harrapatuko ote duten Ingalaterrakoa. «Munduan dauden milioika jarraitzaile erakartzen segitzen du Premier Leaguek, eta bertako klubek abantaila handiagoa dute nazioarteko aurkariekiko. Orain kontua da ea beste liga batzuek arrakala itx dezaketen, nazioarteko komunikabideen eskubideen gidaritza hartuta, edo Premier League ia ukiezin bilakatuko den, diru-sarrerei dagokienez». Bridgek ez du uste egungo egoera asko aldatuko denik, eta, aldatzen bada, talde ingelesen mesederako izango dela dio.

ANDREETAN, BARTZELONA BURU

Deloitte enpresak aurten osatu du aurreneko aldiz emakumezkoen munduko hogei klub aberatsenen zerrenda. Bartzelona da buru -2021eko Txapeldunen Ligako garailea eta iazko finalista-, 7,7 milioi euroko diru-sarrerekin. Atzean ditu Manchester City 5,1 milioi eurorekin, PSG 3,6 milioi eurorekin, Arsenal 2,2 milioi eurorekin, eta Tottenham 2,1 milioi eurorekin.

Txostenaren arabera, munduko klub garrantzitsuenek joan den urtean 2,1 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten emakumeen taldeei esker, baina orotara galerak izan zituzten. Horren inguruan, Deloitte enpresak ohartarazi du oraindik ere lana dagoela egiteko emakumeen jokoa «ekonomikoki jasangarria» izango den modu batean hazten jarraitzeko. Baina, etorkizunera begira, enpresak egindako analisiaren arabera, emakumezkoen taldeek «baloi handia» emango diete klubei hurrengo denboraldietan. Galerak izan zituzten ia klub guztietan horren arrazoia soldata kostuak diru-sarreren gainetik izatea zegoen.

Hala ere, edozein negozioren hastapenetan galerak izatea ohikoa da. Hala berretsi du Bridgek: «Hasierako fasean edozein negoziok galerak izango dituela aurreikusten bada ere, estrategia egokia garatzea da orain emakumeen erronka, eta hori ezin da mugatu gizonezkoenera. Izan ere, hurbilketa horrek emakumeen hazkundeak izan dezakeen potentziala mugatu dezake».