GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETA

Mugak gainditzen darrai Zegama-Aizkorrik: 13.830 izen-emate

Azken edizioan baino 1.266 lagun gehiagok izena eman du. Jatorri aldetik ere aniztasuna inoiz baino zabalagoa da, eta emakumeen kopurua handitu da. Dortsalen zozketa otsailaren 24an egingo dute.

Zegama-Aizkorriko emakumezkoen izen-ematea igo egin da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Covid-aren izurriteak dena geldiarazi zuen, eta baita Zegama-Aizkorri mendi maratoia ere. Bi urteko geldialdiaren ostean, iaz itzuli zen Euskal Herrian -eta mundu mailan- dagoen mendi lasterketa kutunenetarikoa, eta markak hautsiz iritsi zen Kilian Jorneten eta Nienke Brinkmanen errekorrekin. Bada, datorren otsailaren 24an egingo den dortsalen zozketan lasterkari kopuru benetan handia adi egongo da. Lasterketa, berriz, maiatzaren 14an izango da, goizeko 9.00etatik aurrera.

Hilaren 16an hasi eta osteguneko 23.59an amaitu zen aurrez izena emateko epea. Datuak bereziki deigarriak dira. Inoiz baino izen-emate gehiago ditu mendi maratoiak, 13.830, 2020an baino 1.266 lagun gehiago. Konparaketak eginez, Western States probak 7.169 izen-emate izan zituen 2022an; eta UTMBk, 4.486. Biel Rafols probak twitterreko kontuan aipatutako 15.000 korrikalariak ez ditu gainditu, hurbil ibili arren.

Gainera, Zegama-Aizkorri proban aipatu beharra dago jatorri aldetik aniztasuna inoiz baino zabalagoa dela.

Izena eman duten gehienek espainiar nazionalitatea dute (12.174), eta segidan ondorengo herrialdeak nabarmentzen dira: Estatu frantsesa (504), Portugal (300), Italia (201), Argentina (70), Britainia Handia (63), Suitza (50), Polonia (44) eta AEBak (36).

Emakumezkoen izen-ematea ere igo egin da. 1.250ek eman dute izena (%9), 2020ko datua handituz (1.032, %8,20). Beste lasterketa batzuekin alderatuz gero, ez da datu aipagarria, emakumeen izen-ematea %10-15 artekoa izaten baita, baina 200 gehiago izan dira Zegama-Aizkorrin parte hartzeko nahia adierazi dutenak.

Adin tarteari dagokionez, 35-44 urte artekoak dira gehienak (5.965), 45-54 urte artekoak hurrena (3.851) eta 25-34 urte artekoak gero (3.063). Gazteen kopurua ere nabarmentzekoa da (18-24 urte artean 412), baita urteetan aurrera doazenena ere: 55-64 urteen artean 497k eman dute izena, eta adin horretatik gora 42k.

Antolatzaileek poztasun handiz baloratzen dituzte datu hauek: «Gure dudak genituen, 2020tik ez baikenituen aurre izen-emateak ireki, baina gure espektatiba guztiak ganditu dira berriz ere».

DORTSALEN ZOZKETA

Lehen aipatu bezala, dortsal guztien zozketa datorren otsailaren 24an egingo dute. 225 plaza zozkatuko dira izena eman duten 13.830 lasterkarien artean. Lasterketan parte hartuko duten 500eko zifrara iristeko antolatzaileek beste faktore batzuk erabiliko dituzte: 125 denborarik onenentzat (gizonak eta emakumeak) eta beste 150 konpromisoetarako (Golden Trail World Series 2023an parte hartzen dutenentzat, adibidez).

Maiatzaren 12an korrituko den Kilometro Bertikala eta Junior lasterketako izena emateko epea hilaren 30ean amaituko da. Ibilbide bertikalerako 150 plaza zozkatuko dira, eta juniorrentzat 100 plaza egongo dira era zuzenean.