J.O.
LABRIT

Sustoarekin, baina Elordi-Zabaletak bideratuta dituzte finalerdiak

Jose Javier Zabaletak asko dominatu zuen.
Jose Javier Zabaletak asko dominatu zuen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Azkenerako, 20-13koan uste baino gehiago sufritu behar izan zuten arren, oso handiren batek gertatu beharko luke Elordi eta Zabaleta finalerdietan ez izateko. Peio Etxeberria-Rezustari 22-18 gailenduta, oraintxe hiru puntuko aldea ateratzen diete hirugarren postuan diren Laso-Imazi eta, lehen itzulian Aspekoak 22-8 nagusitu zirela kontuan izanda, lau jardunaldiren faltan alde hori galtzeak ezinezkoa dirudi erabat.

Egiari zor, atzoko partida horrenbeste zailduko zitzaienik ere inork gutxik esperoko zuen, markagailuaz harago, lehiaren lehen zati luzean erakutsitako jokoarekin. Mallabitarrak astebeteko atsedena hartuta, txapelketa hasierako bikotea itzuli zen Labritera, aurkariei inolako aukerarik eman gabe, 18-8 aurreratzeraino. Misterio handiegirik gabe gainera, Zabaletak eman eta Elordik bukatu.

Oso ondo nola jakin gabe, ordea, gauzak errotik aldatu ziren azken txanpan. Zenotzekoa partida hasieratik zebilen aurkariak nahastu nahian eta, azkenerako, saiatzearen saiatuz, Elordi bide zuzenetik atera eta Zabaleta ere deseroso aritzera eraman zuen, baina markagailua asko estutzea baino ez zuen lortu.