JAN. 30 2023 EDITORIALA Unitate bat baino zerbait gehiago desegin behar da Memphisen bost poliziak Tyre Nichols gazte beltza nola jipoitzen zuten erakusten duten bideoek mobilizazioak eragin dituzte egunotan AEBetako hainbat hiritan, baita bost poliziak auzipetzea eta haietako batzuk kide zituen Scorpion unitate berezia desegitea ere. Herritar askoren gogora itzuli dira George Floyd, Minneapolisko polizia zuri batek hildako afro-amerikarra, orduko mobilizazioak eta Black Lives Matter mugimendua... eta orduko promesek ez dutela polizia indarkeriaren arazoa konpondu. Hildakoa afro-amerikarra da, Floyd eta beste asko bezala. Egia da Tyre Nichols jipoitu zutenak ere afro-amerikarrak zirela, baina horrek polizia eredu horren izaera berretsi baino ez du egiten. Haren ezaugarri nagusietako bat jarrera larderiatsua da, zenbait kolektiborekin bereziki bortitza da, eta funtsezko arazoa ez da bost polizia-agente zuri nahiz beltzen edo halako unitatearen jarrera, baizik eta instituzio horren begietan, besteak beste, afro-amerikarrak pertsona arriskutsu eta susmagarriak direla eta halakotzat ikusten dituzte, oro har, instituzio horrekin identifikatzen diren poliziek ere. Izan ere, etxegabeak ere susmopean izan ohi dira, baina jatorri sozial umileko poliziek ere arrisku bera ikusiko dute haiengan. Horrelako polizia ez da egokiena, hain justu kontrako jarrera behar duen zerbitzu baterako. Lekutan dago poliziaren eta herritarren arteko harreman hurbila, harreman hori beldurrak ezaugarritzen baitu. Inork ez luke bizia galtzeko beldurra izan beharko trafiko arau-hauste batengatik, beltza izateagatik. Eta arazo larri horren kausa ez dago Scorpion edo beste polizia unitate berezi batean bakarrik. Horrelako kasuen aurrean neurriak hartu beharra dago, jakina, eta egokia bide da Scorpion unitatea desegitea, baina horrek bakarrik nekez desagerraraziko du polizia-jarrera hori, nekez konponduko du egiturazko arazo hori. Poliziaren ikuskeraren inguruko gogoeta sakona behar da, poliziaren basakeriaren inguruko eztabaidak polizia ereduaren inguruko eztabaida izan behar du, jarrera arrazista, xenofobo eta klasistei bide ematen dien eredu horren ingurukoa.