Jon GARMENDIA
Idazlea

Dossiers Bleus

Fipadoc bukatu da Biarritzen, bost urte formatu honetan, agian hogeita hamar denera, antolakuntzak dio arrakastatsua izan dela, jendeak dio ederra zela, batzuek, gehiegi itxaron behar zutela sarrera ukaiteko, beste batzuek, sartzeko, eta beste batzuek, garestiegi zela. Tira, betiko moduan, hemen inor ez dago ados inorekin. Inork ez daki hau Euskal Herrian edo euskal erdian pasatu ote den, hori, aukera izan dudanean erran dut, Hegoaldeko edozein jaialdik jarraipen handiagoa baitu arlo denetan. Ipar-Ekialdean dena ahaztua izan da, tarteka sariak eman dituzte oroitarazteko. Amen. Baina hegoaldean ere gertatu dira kontu larriak. Bai, ezta?

Lagunartean joan gara «Karpeta urdinak» ikustera, «Le Dossiers Bleus» Biarritzen, torturari buruzko dokumentala. Aretoa erdi betea edo erdi hutsa. Irten ondoren Ortzik erran du: «Harrigarria da nola jendeak nahiago duen urruneko izua eta ez duen entzun ere egin nahi bere hurbilean zer pasatu den». Asierrek erran du: «Luzea da, baina ekartzen du mezu garrantzitsu bat; guk sufritu duguna orain ikusi egingo da». Enpatia, nun hago? Hemen, Euskal Herrian eta Pays Basquen, «terroristak», beren eskubideak defendatzen zituz-tenak, «suizidatu» egiten omen ziren, edo «beren burua botatzen zuten leihotik behera». «Kolpeak, bainera, poltsa» asmakizuna zirela erran zietenek ikusi dute pantailan Iriartek proposatutakoa, datuak emanda, hemen ubeldurak egon direla, askok isildu dutela gertatu zena.