Jose Ignazio ANSORENA
KOLABORAZIOA

San Sebastian 2023: puzkerra izan nahi...

Puzkerra izan nahi eta putza izan ez. Errealitateak maiz gogorarazten du herri jakintzaren perla hau. San Sebastian egunaren inguruan loratzen diren farfailakeriak, esaterako. Azkenetakoa San Sebastian eguna edo Donostia eguna esan behar ote den. Tradizioz San Sebastian eguna esan izan da, egutegi katolikoan santu horrek urtarrilaren 20a markatua duelako. Hiriaren patroia denez, donostiarrek ospatu eta bere festa egun handitzat hartu izan dute. Egun, beraz, Donostia eguna ere ez dago gaizki. Gaztelaniaz biak ala biak berdintsuak dira, día de San Sebastián. Euskaraz, ñabardura handiagoa.

Bandera gora eta beheraren danborradek ere gogora dakarte esaera. Gaztelubideko Danbor Nagusiaren eta prentsako argazkigile baten arteko tirabirek “Iriyarena” dantzatu dute sareetan. Harrigarriena, lehenago ez gertatu izana. Oholtza erraldoia, eta hala ere bertan kabitu ezinik. Taldeka: Gaztelubideko danborrari tropa handia. Elkarte honen hegapean gonbidatutako (ez afaltzera, utikan!) emakume upel jotzaileak. Oraindik ezin daitezke elkarteko bazkide izan, baina itxurak egiteko, hortxe daude. Donostiako beste danborradetako ordezkariak. Hasi zenean zurrumurrua bandera igotzea eta jaistea zergatik ez zen beste danborradekin txandaka egiten, hauxe asmatu zen esamesak baretzeko: haietako ordezkariak gonbidatzea. Horrek ekarri du, zergatik misterioa, bi musika talde izatea. Dantzariak ere, azken urteetako eranskina dira eta metro koadro hainbat behar dituzte. Aurten, Easo Abesbatzari Hiritar Merezimenduzko Domina eman zaionez, hantxe zegoen kantari saldoa. Eta, dena historiarako jasoa gera dadin, tankera guztietako prentsa ordezkariak: argazkigileak, mikrodunak, kamarazaleak... Soilik faltan, kafeak zerbitzatzeko kamarero batzuk. Gerrarako osagai guztiak prest. Metxa nork piztuko zain. Hobe Putinen lehengusurik ez hurbiltzea, bestela akabo.

Eta oholtzatik proportzioan. Badakigu Plaza Berriko (ez dakitenentzat argituko dut: Konsustituzio Plazako) auzotarrak hutsaren hurrengoa direla aspalditik. Baimenik eskatu gabe zintzilikatzen zaizkie balkoietan oihal puska luzeak. Horretarako egunaren aurreko eta ondorengoetan hortxe ibiltzen dira makina zaratatsuak eta langile garrasigileak. Hamabost egun lehenagotik, gupidarik gabe, behin eta berriz, danborrada baten atzetik bestea, entsegu egitera hurbiltzen dira plazara eta, urtarrileko 19tik 20ra bitartean, isiltasun minuturik utzi gabe, egun eta gau osoan, hantxe jarduten dute tarrapatan tarrapatan. Ez pentsa, honekin bada kezka Udalean: tabernetako terrazei kalte egiten zaie. Auzoekin ez, horiek pariak dira, ez bakarrak hirian.

Puzkerra izan nahi horregatik patroiaren gauetan bizia arriskuan jarri gabe etxeetara ezin iristea ez da ardura handia. Arkupeetan botelloia antolatzen da azken urteetan. Gazte kuadrillak lurrean apatx jarrita, mozkortzeko teknika zorrozki garatua, eta igarobidea eragozten. Plaza erdian antolatzen diren borrokak eta olatuak inor estututa zaurituko edo okerrago gertatuko den egunaren iragarpena besterik ez dira. Orduan aurpegi ilunetako ekitaldiak antolatuko ditugu eta denak solemne jarriko gara, gertatutakoa deitoratuz. Harrigarria da kontu batzuetan edukierak zeinen zorrozkiro begiratzen diren eta beste batzuetan, Aufa Maruja nola egiten den.

Haurra nintzenean eta aita izan arte ere, Santo Tomas (orain San Tomas behar omen du) egunean plazako lau sarreretako izkinetako bakoitzean dozena erdi emakume jarri ohi ziren, mahaitxo batzuekin eta butanozko su txikiekin. Hantxe aritzen ziren etengabe olio kiskalgarriz betetako zartaginetan txorizo eta txistorra frijitzen eta ondotik igarotzen ziren milaka lagunei otartekoak saltzen. Maiz ohartu nituen arduradunak edonor zizpiltzeko arriskuaz. Inoiz, ordea, txaketa eta galtzetan zikin batzuk kenduta, ez zen istripu larririk izan, nik dakidala behintzat. Ez dakit San Tomasen edo Santo Sebastianen bitartekaritzari esker izan zen.

Horren zain gaude? Ez al da segurtasun neurririk hartu behar? Ez al da aforoa mugatu behar? Ez al da etxeetara sartu-irteeretarako modua bilatu behar? Konsustituzio Plazako auzokoei ez al zaie egun horietan María Cristina hotelean gauak pasatzea ordaindu behar? Puzkerra izatea garestia da.

Santuak kokoteraino dauzkagu gure txoro kontuekin, eta greba egiten hasiko direla uste dut. Ez naiz santua, baina nik behintzat egingo nuke. Aginduta: ez dut honetaz gehiago idatziko urtebetean. Putza izatearekin konformatuko naiz.