GARA Euskal Herriko egunkaria

Bizitza «Ez da horren sinplea», kantatzen du Jexuxmai Lopetegik

«Ez da horren sinplea» da Jexuxmai Lopetegik kaleratu berri duen lana, Raymond Carver eta Harkaitz Canoren testuetan oinarritua. Modu soil eta biluzian abestutako kantu barnerakoi hauek entzungai daude plataforma digital guztietan eta laster ohiko salmenta puntuetan.

Jexuxmai Lopetegik hogei musikaritik gora izan ditu lagun, lan berria osatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Jexuxmai Lopetegik, Mikel Lazkano eta Harkaitz Canorekin batera, aurkeztu berri du Zarauzko Garoa liburu-dendan bere azken lana, ‘‘Ez da horren sinplea’’ izenekoa. Hamabi kantuz osatua, rock klasikorantz zein intimismo akustikorantz lerratutako abestiak aurkituko ditugu Lopetegiren lan berrian, bere gitarraz modu soil eta biluzian abestutako kantu barnerakoiak. «Plazatik etxeko logelara eta kemenetik sosegura joan-etorrian, batzuetan liriko eta umoreari kiku bat eginez beste batzuetan» osatu du lan hau, Zart kolektibotik azaldu dutenez.

Raymond Carverren ‘‘Sinplea’’ poematik atera du Lopetegik diskoaren izenburua. Harkaitz Canok euskaratu du poema -Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumarako Carver-en antologia ekarri zuen euskarara idazle donostiarrak- eta harenak dira diskoko kanturik gehienen letrak. Ez guztiak, ordea: Joseba Sarrionandiaren aspaldiko testu bat ere bada, baita Anjel Lertxundik aspaldian idatzitako poema «ganberro» bat ere. Diskoa ixteko, Lopetegi beraren letra hunkigarri bat, bere anaia zenari eskainia.

Hogei musikaritik gora izan ditu lagun musikari zarauztarrak lan hau osatzeko eta, gitarra elektrikoei uko egin gabe, akustikoa, metal sekzioak, kontrabaxua, dobroa eta mandolina ere ekarri ditu, besteak beste, konposizioei ñabardurak eta zirrara eransteko. Produkzio lanetan Unai Moraza teknikaria izan du lagun, eta Satxa Soriazuk bi kantu ekoitzi dizkio.

Mende erdiko ibilbidea

Oholtza lehen aldiz duela mende erdi baino gehiago zapaldu zuen abeslari eta gitarra-jotzaile zarauztarrak. Hamalau urte baino ez zituen Lopategik bere anaiarekin eszenatokia estreinakoz partekatu zuenean. 1984. urtean Akelarre taldeak Anje Duhalde ordezkatzeko deitu zion: zortzi urte eta bost disko izan ziren, atsedenik gabe plazak goraino betez. 90eko hamarkadan, bide berri bati ekin zion, bakarka baina ongi lagundurik, Noizbehinka bandarekin. Ibilbide mamitsu hori ‘‘Barrakoian 25 urte’’ (Belarri, 2020) antologian laburbildu zen.

Lan berriko lehen bideoklipa, ‘‘Sinplea’’ kantuarena, Antton Olariaga eta Iban del Camporekin elkarlanean osatu du. Olariagak Antonio Sauraren edo Jean Dubuffeten eraginpean marraztuak diruditen irudiak opari egin dizkio eta, horiek abiapuntu hartuta, bideoklip bihurtu ditu Iban del Campok.

Era berean, hau ez da Cano eta Lopetegiren lehen elkarlana, 2016an Antton Olariaga marrazkilariarekin batera ‘‘Itzal zaunka’’ disko-liburua argitaratu baitzuten.