GARA
PALA

Urrezko Pala Pro, binakako txapelketarik bereziena

Zortzi palista arituko dira ostiralean hasiko den txapelketan: ez daude bikote finkoak, eta astero pilotari bakoitzak bikotekide berria izango du. Ibai Perez duda da besoan duen minarengatik.

Urrezko Pala Pro-ko palistak eta ordezkariak.
Urrezko Pala Pro-ko palistak eta ordezkariak. (MUNGIAKO UDALA)

Palan tradizio handia duen tokia da Mungia. Urrezko Pala Pro txapelketa aurkeztu zen atzo, binakako «txapelketarik bereziena», bertako pilotalekuan egindako ekitaldian protagonistek eurek aitortu zutenez. Dan Necol Buruz Buruko txapela jantzita iritsiko da. Berarekin batera beste pilotari hauek arituko dira: Gaubeka, Fusto eta Maldonado aurrelariak; eta Ibai Perez, Gordon, Urrutia eta Alkorta atzelariak.

“Mungia formula” deritzon sistema 2016an instalatu zenetik, txapelketak xarma berezia hartu du. Izan ere, astero pilotari bakoitzak bikotekide berria izango du eta, hala, pilotari bakoitzak «bere puntuak irabazi behar ditu». Gisa horretan, 3-0ko izanez gero, 100 puntu banatuko dira irabazle bakoitzarentzat, eta zero galtzaileentzat; 2-1ekoarekin, 80 eta 20; eta 3-2koarekin, 60 eta 40 puntu.

Txapelketa ostiral honetan bertan hasiko da: Fusto-Gordon / Maldonado-Urrutia eta Necol-Alkorta / Gaubeka-Ibai Perez. Urrezko Pala Pro txapelketak beste bost jardunaldi gehiago izango ditu -itzuli bikotza, denak denen aurka- otsailaren 17an eta 24an, eta martxoaren 3an, 10ean eta 17an. Finala martxoaren 25ean jokatuko dute.

IBAI PEREZ DUDA DA

Kasualitateak kasualitate, iragan larunbatean Buruz Buruko finala jokatu zuten bi palistek irabazi zuten iazko txapelketa: Dan Necol eta Ibai Perez. Necol moralez gainezka iritsiko da, baina txipa aldatuta. Haren ustez, «txapelketarik gogorrena» da Mungiakoa eta, hasieran pixka bat kostatzen zaion arren hango dimentsio luzeetara ohitzea, «ondo datorkidan pilotalekua da, potentzia baitaukat», gaineratu du. Are gehiago, «aurten ere irabaz dezaket», esan du.

Bestalde, ikusi beharko da ea Ibai Perez ostiralerako iristen den. Aurkezpenean aitortu duenez, «mentalki izorratuta nago», baina baita fisikoki ere. Izan ere, larunbateko finaleko lehen setean min hartu zuen besoan eta partida amaitzerakoan, «behin hotza zegoela, mina handiagoa nuen», azpimarratu du atzelariak.

Bere asmoa ostiralean jokatzeko prest egotea da. Ez du arriskurik hartuko, baina «ez dut jokatu gabe egon nahi ere», adierazi du. Gauzak hala, argi dagoena da «berriro hutsetik hasi» behar duela. «Txapelketa bat hasten denean nire helburua beti da txapela irabaztea. Ezingo dut entrenatu», gogoratu du. Ostiralean «itsuka» joango dela aitortu du.