GARA Euskal Herriko egunkaria

Azentua


Bere modura hitz egiten duten pertsonek inguratuta hazi eta bizi denean bat, ez da erraza norberaren hizkeraren berezitasunez jabetzea. Talde kanpoko norbaitekin hizketan jarri eta, orduan bai, antzematen ditugu ez gure baizik eta bestearen hizkeraren doinua, erritmoa, ahoskera, hitz joskera. Azentua deitzen zaion hori, alegia. Hamaika gauza adieraz ditzake azentuak, hizkuntza berean aurki daitezkeen aldaerak, esaterako, edota eleaniztasuna. Gutxitan aipatuko dira horrelakoak, ordea, bestearen azentuaz jabetzerakoan. Jatorria izango da gehienetan hizketa gaia, kidetasun eza nabarmen utzita (ez zara hemengoa). Kidetasun eza kontu pertsonalagoa bihurtzen dute maiz pentsatu eta esan ere esaten diren “a zer azentua daukan horrek!” bezalako esamoldeek, pertsonaren ezegokitasuna zein ezgaitasuna (horrek ez daki “behar bezala” hitz egiten) adierazten baitute. Onberagoa eman dezake norbaiten azentua goraipatzea (“zein azentu ederra duzun!”), bisita egiten diodan bakoitzean, higienistak, zeinen tolerantea den erakusteko irrikan, egin ohi duen bezala. Baina salbuespen egoera bat besterik ez du adierazten horrek: zurea azentu ederra da, baina badira ederrak ez diren azentuak (edo azentua, berez, ez da ederra).

Kontua da denok dugula azentua, hitz egiten dugun hizkuntza hitz egiten dugula. Talde barruan ari garenean ez gara jabetuko, baina taldetik atera eta berehala jakinaraziko digute geu garela bestea, geu garela azentudunak.