GARA Euskal Herriko egunkaria
EUROLIGA

Ihes egiteko aukera galdu du Baskoniak


«Kaunasen irabaziz gero, sailkapenean ihes egingo dugu. Galtzen badugu, aldiz, Top 8an sartzeko borrokan dabilen tropelean geratuko gara», adierazi zuen Joan Peñarroyak, Zalgirio Arenan jokatu bezperan.

Ez zuen batere gaizki jokatu Saski Baskoniak, baina azken minutuetan beste partida batzuetan sarturiko zenbait jaurtiketa huts egin zituen, eta Zalgirisek, berriz, Ulanovas eta Butkevicius aurkitu zituen, azken une horietan partida eramateko.

Hiruko jaurtiketetan talde oso ona da gasteiztarra, baina atsedenaldiaz geroztik bi hiruko bakarrik sartu zituen. Dena den, Kotsar, Enoch edo Howarden bitartez azken bi minutuetara markagailua 73-75 alde zutela iritsi zen Joan Peñarroyaren taldea.

Baina Zalgiris Kaunas taldeak eskarmentu handiko jokalariak ditu, eta 15.000 zale harmailetan. Batzuen eta besteen artean buelta eman zioten partidari, arabarren amorru eta zoritxarrerako.