GARA
BIGARREN MAILA

Alavesek bere momentu gozoa luzatu du, Zaragozan irabazita

Villalibrek hiru gol daramatza bi partidetan.
Villalibrek hiru gol daramatza bi partidetan. (DEPORTIVO ALAVES)

Aspaldi egiten ez zuten bezala, Deportivo Alaveseko jarraitzaileak bere taldearekin disfrutatzen eta gozatzen ari dira aurten. Gasteiztarrak liderrak ziren atzo, Zaragozari irabazi ostean; hori bai, gauean jokatzen zuen Las Palmasekin puntutan berdinduta. Baina Mendizorrotzakoek erakusten duten sendotasunak eta Asier Villalibre iritsi berriaren golek taldea moralez gainezka piztu dute Bigarren Mailan.

Atzo Romareda zelaian etxeko taldeak aukera gehiago eta nabarmenagoak izan zituen. Baloiaren jabetza eskuratu zuen hasieratik, baina ez zituen aukerak amaitu eta, kontrako aldean, berriz, Alavesek askoz hobeto aprobetxatu zituen min egiteko eta partida bere aldera eramateko.

Hala, lehenengo aukeran, 20. minutuan, Mamadu Syllak, bakar-bakarrik, aurreneko gola egin zuen buruz. Zaragozak berdintzeko aukera izan zuen, baina bigarren zatiaren hasieran Toni Moyak 0-2koa egin zuen. Eta 67an, bost minutu lehenago zelairatu zen Asier Villalibrek partida erabakita utzi zuen. Etxeko taldeak 1-3koa sartzea lortu zuen, baina ez zen nahikoa izan. Eta Alavesek, 90. minutuan, azken jipoia eman zien zaragozarrei, Luis Riojaren golaren bitartez.