GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Estoizismoaren atetik sartu nahi izan dute finalerdietan

Elordi-Zabaletak 22-11 irabazi zieten Markinan Laso-Eskirozi eta, emaitza horrekin Altuna-Tolosa sailkatuta zeuden arren, Peña-Mariezkurrenak piloteoan izandako nagusitasunari buelta eman zioten.

Sekulako defentsa lana egin zuen Tolosak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bigarren atsedenaldiaren ostean, 17-18koarekin kantxaratu zirenerako, ziur Jokin Altunak eta Xabi Tolosak bazekitela Elordi-Zabaletak Markinan lortutako garaipenarekin finalerdietarako txartela poltsikoan zutela. Ordura arte Peñaren eta, batez ere, Mariezkurrenaren joarekin sufritu zutenarekin ez zirudien zaila buruak klik egin eta euren gorputzak lasaitzea, lortutakoa ez zelako makala, baina amezketarrak eta anoetarrak ez zuten, nolabait esatearren, atzeko atetik sartu nahi; eta, euren buruen kontrol izugarria eta erabateko lehiakortasuna erakutsiz, estoizismoaren atetik egin zuten hurrengo faserako urratsa, Labriten bildu zen jendetzaren gozamenerako.

Eta hori, horrenbesteko ikusmina piztu zuen partida biribila izatetik oso urrun geratu zela. Azken txanpa horretako emozioak, Tolosaren defentsa lan ikaragarriak eta beste hiruren detaileek txukundu zuten lehia azkenerako, baina hori guztia hutsek baldintzatutako partida oso gorabeheratsu baten ostean heldu zen, hasierak bestelakorik iradoki arren. Jokin Altunak txokoan egindako bi dejada eta Mariezkurrenak atzean egindako bi tantorekin hasi zen Labriteko dema, baina hortik aurrera erabat erotu zen.

Hortxe heldu ziren Peña eta Mariezkurrenaren unerik onenak, txapelketara bueltan, Berriozarko atzelariak pilota astintzen sekulako zuloak irekiz eta Peñak errematean ondo asmatuz (3-8). Kontua da, derrepente eta ageriko arrazoirik gabe zeharo okertu zela nafarraren jarduna, bost pilota -hauetariko lau gora bota zituen- eta eraman gabeko sake bat utzi zituen Baikoko atzelariak, partida orekatuz.

Hori bai, jokoaren ekimena guztiz urdinena zen, Altuna jokoz kanpo izan zuten -hasierako txokoko bi tanto horietatik 15-17an egindako sake-erremate batera arte tantorik egin gabe egon zen amezketarra- eta markagailuan ere eurena izan zen gehienean ekimena. Hein handi batean, Peña eta Mariezkurrenak egindako hutsek mantendu zituzten Aspekoak bizirik.

Pilotak gastatu ziren eran Mariezkurrena ere lasaiago aritu zen; bigarren parte luzean apenas egin zuen akatsik. Jokin Altunak ere jokoan sartzeko aukera gehiago izan zituen, eta hori sekula ez da ideia ona aurkarientzat. Azken txanpara partida orekatuta sartzen denean, gutxitan kale egiten du Altuna III.ak; eta Tolosa handi batek lagunduta, sailkapena apaintzeko garaipen polit bat eskuratu zuten.

ZABALETAK HAUTSI

Aurreko astetik finalerdietarako txartela poltsikoan izan arren, oina azeleragailutik altxatzeko inolako asmorik ez dutenak Elordi-Zabaleta dira. Atzo ere aukerarik txikiena ez zieten eman Lasori eta Imazen ordez aritu zen Eskirozi, Markinan. Makirriaingo atzelariak bigarren astez jarraian jokatu behar izan zuen Zabaletaren aurka, eta denboraldi baterako parean ikusteko gogoa kenduko zitzaion, nahiz eta aste barruko lan fisikoa elkarrekin egiten duten Ororbian.

Saiatu zen, ahal zuen tokitik, Laso aurre egiten, baita ale ederren bat utzi ere, baina Elordi ere ez zegoen errematean askorik barkatzeko.