GARA Euskal Herriko egunkaria

Arraia laranja


Bai, halako bat zuen Ruperrenak, “arraia laranja” bat, hain zuzen ere. Gureak, ordea, urbanita bilakatutako kaioren batek oparitutako orbaintzar korrosiboa, eta dagoeneko ekosistema bihurtzen ari den goroldio kolonia bat atzeko leihatiletan. Aitortzen dut ez dudala batere zaintzen autoa. Haatik, kantuan ibiltzearen albo-kalte bat da auto-gidari izatea, eta, ez balitz horregatik, orain ez nuke aritu beharko auto-erosle harrapakariek, zahartxoa ikusi eta, etengabe, aurreko kristalean jartzen dizkidaten txartel moduko erosketa-proposamen lizunak jaso eta bolantearen inguruko espazioa okupatzen. Bestela, ahaztu, euriarekin kristalari itsatsi, eta egun batzuetara, ea nork lortzen duen haien arrastoak kentzea.

Onartu beharra daukat, dena dela, ezinbesteko bilakatu zaidala, eta harengatik ez balitz ezingo nukeela kantautore izan. Bueno, bai, baina bakarrik garraio publikoaren ibilbideen eta ordutegien apeten tamainakoa. Horrek aitorpen bat merezi du; musikari gutxi ezagutzen baititut furgoa zaintzen dutenak. Gureak zenbat kilometro, traste, gurdibide, errepide, kontrolgune, ordainleku... irentsi dituen umiltasunez. Zer nolako tratu txarrak jaso dituen hasperen txikiena egin gabe; diesel apurrak, pinuzko aire-freskagarri bat eta sei hilabeteroko garbiketa-saioa jasoz bakarrik. Horregatik, maitasunik gabe, baina begirune osoz, “Txikikeriak (IV)” hau eskaini nahi diot Euskal Herriko musikari eta teknikari guztien ibilgailu-flota zarpail eta sufrituari.