GARA Euskal Herriko egunkaria

Castillo Suarezen «Alaska»: nola egin paisaia baten dolua?

Castillo Suarezen «Alaska» Maddi Barberren gogoeta batetik sortu zen: nola egin daiteke paisaia baten dolua? Poesian idilikoki landu izan da tokiekiko harremana, eta justu kontrakoa eginez, irudi aldetik bere lanik bortitzena osatu du olerkigile altsasuarrak.

Castillo Suarez, Donostian, «Alaska» poema liburu berria aurkezten. (Jon URBE | FOKU)

“Alaska” (Elkar) izan daiteke “Irautera” aitzineko poema liburuaren bonus track bat. Hura egin zuenean Altsasuko jaiotetxea eta auzoa erabili zituen Castillo Suarezek. Mugako toki batekoa da, altsasuarra, baina Etzegarate aldekoa, Sakana eremu industrialaren barneko baso batekoa. Espezieen arteko talka bat dago han: Nafarroan betiko espezieak daude, eta Gipuzkoan, eukaliptoak, pinuak... «Errepidearen trazatua aldatu zuten eta horregatik itxi zen Alaska jatetxea, jendea ez zelako gelditzen. Badauka poesiak halako ezaugarri bat», esplikatu zuen egileak atzo, Donostian egindako aurkezpenean.

Xabier Mendiguren editoreak erran zuenez, Suarezen zazpigarren liburu honekin aurtengo denboraldia estreinatu du Elkarrek, «jakin-minez eta segurtasunez», 20 urte baino gehiagoko literatur ibilbidea baitu olerkariak. Duela lau urte argitaratu zuen “Irautera” miragarri haren katalanezko bertsioa aurkeztuko du aurki Herrialde Katalanetan.

Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistez beteta egoten zena. Castillo haurrarentzat Las Vegas txiki bat zen. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta dotore bat egiteko, igerileku eta guzti.

Maddi Barberri “Argia”-n egin zioten elkarrizketa bat da liburuaren sorburua. Nola egin daiteke paisaia baten dolua, zioen Barberrek. Itoitzek hartutako eskualde hartakoa da, Lakabekoa, eta harrigarria egiten zitzaion nola bizi daitekeen jendea urak hartu dituen gauza horiei guztiei erreparatu gabe. Suarezentzat irudi nabarmena zen zuhaitz zurixka batzuena, urak hartuta, goiko partea ikusten zen eta behekoa ez, baina arbola haiek hilda zeuden. «Irudi hori iltzatuta gelditu zitzaidan: ustez bizirik dauden gauzak, baina barrenean hutsik».

Lakabekoak aipatzen du amets egitea dela dolua egiteko modu bat. Deigarria egin zitzaion altsasuarrari, eta hortik abiatuta egin du “Alaska”: «Maiz igarotzen naiz N-1etik, eta ondoan gelditzen da hotel abandonatu hori, arkitektonikoki deigarria. Gau batean pasatu nintzen eta neonezko argiak piztuta zeuden, nahiz eta hotela duela 20 urte itxi zen. Ametsen ideia hori hartu nuen eta historia bat eraiki nuen, Alaska hotelarekin amesten zuen neska batena».

«Denok dugu gure Alaska»

Etxea husten ari da protagonista eta, bere bizitza puskak kutxetan sartzen ari dela, Alaskara doala amesten du, umetan bezala. «Denok daukagu Alaska bat bihotzetan, erdizka oroitzen duguna. Ez gaude seguru hor dagoen, baina behar dugu, zentzua ematen dio gure bizitzari. Oroimena da nire obsesioetako bat: ahaztu nahi dituzun gauza horiek nahita ere ezin dituzu ahaztu».

«Geure bizia, geure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu. Horregatik da bizitzea, labur esanda, maite gaituztenak galtzea eta berriz bilatzea», dio liburuaren kontrazalak.

«Tirokatutako animalia bat aurkitzea bezala da maitemintzea, ihes eginen zenuke bertatik ahal izatera, baina begira geratzen zara odolak nola gesaltzen duen elurra». Hala amaitzen da azken poema. «Nire libururik bortitzena da irudien aldetik», aitortu zuen sortzaileak.