GARA
DONOSTIA

Tabernak, Elkano eta iheslariak, 2022ko liburu salduenen artean

Euskal irakurleek 2022an gehien erosi dituzten liburuen zerrendan Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Joseba Sarrionandiaren lanak daude goialdean, besteak beste. Gaiak, berriz, denetarikoak dira: tabernak, zahartzaroa, Elkano, erbestea, faxismoa... Badago non aukeratu.

Eleberriak eta saiakerak izan dira aurten genero salduenak.
Eleberriak eta saiakerak izan dira aurten genero salduenak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Txalaparta argitaletxeak euskal irakurleek iaz gehien erosi zituzten liburuen zerrenda argitaratu berri du. Gure literaturako izen handiek osatutako zerrenda da nagusiki, batez ere 2022an argitaratu ziren liburuak biltzen dituena eta narratiba eta saiakerarekiko irakurleek duten zaletasuna agerian uzten duena.

Lehenari, narratibari, lotuta, iaz argitaratutako liburuak dira gehienak. Tartean daude, esaterako, Nerea Ibarzabalen ‘‘Bar Gloria’’ (Susa), industriaren erritmo bizian mugitzen den gizarte baten erdian nekazaritza izaera duen taberna zabaldu duen familia erdigune duen eleberria; Kepa Iribarren ‘‘72 ordu’’ (Erein), Elkanoren lehorreratzetik abiatzen den eleberri beltza; Arantxa Urretabizkaiaren ‘‘Azken etxea’’ (Pamiela), bizitzaren azken sasoian sartuak daudenen optika biltzen duen liburua; edota Anari Alberdiren ‘‘Gari eta goroldiozko’’ (Susa), musikari azkoitiarrak literaturaren esparruan argitaratu duen lehen liburua.

Eleberrien, baina kasu honetan grafikoen, atalean dago ‘‘Black is Beltza II: Ainhoa’’ (Elkar), Fermin Muguruza eta Harkaitz Canoren gidoia eta Susana Martin artista kataluniarraren ilustrazioak dituen argitalpena. Liburu ilustratuen atalean, Joseba Sarrionandiaren eta Ares ilustratzailearen arteko ‘‘Munduari bira eman zion ontzia’’ (Pamiela) ere sartu da salduenen zerrendan. Elkanok egindako bidaiaren gaineko gogoetak egiten ditu idazle iurretarrak lan horretan.

Nobedade horiei batzen zaizkie iaz argitaratuak ez diren arren azken urteetan salduenen zerrendan goiko postuak hartzen dituzten hiru harribitxi: Eider Rodriguezen ‘‘Eraikuntzarako materiala’’ (Susa, 2021) berriki gaztelaniara itzuli duten ipuin-bilduma, Kirmen Uriberen ‘‘Izurdeen aurreko bizitza’’ (Susa, 2021) eta Amets Arzallusen “Miñan” (Susa, 2019), Ibrahima Baldek jaioterri duen Gineatik Europara egin zuen bidaian izandako bizipenak biltzen dituen eleberria.

Narratibaren atala amaitzeko, itzulpen bat: Sylvia Platg-en ‘‘Beirazko kanpaia’’ (Txalaparta) eleberri biografikoa, Garazi Arrula Ruizek itzulia.

Irakurle saiakerazaleak

Saiakerak ere arrakasta du euskal irakurleen artean. Salduenen zerrendan, bost ale hauek: Leire Ibargurenen ‘‘Petare. Miren Egigurenen puskak’’ (Txalaparta), Caracaseko auzorik txiroenean 40 urte eman zituen bidaniarraren ahotik entzundakoak biltzen dituen lana; Ernesto Prat Urzainki eta Jaione Dorai Oskotz-en ‘‘Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak’’ (Txalaparta), izenburuak argi uzten duen bezala, iheslarien testigantzez osatutako liburua; Clara Zetkin-en ‘‘Faxismoaren aurka borrokan’’ (Katakrak, Maialen Berasategi Catalanek euskarara ekarria), pentsalari eta militante komunistaren ponentzia batetik abiatutako lana; Axier Lopezen ‘‘Gure heroiak’’ (Argia), kolonialismoari eta esklabismoari buruz diharduen lana; eta Iñaki Segurolaren ‘‘Ganorexia’’ (Alberdania), idazleak hil ondorenean argitaratzeko utzi zuen liburua, «ganoraren anorexia» duena hizpide.

Haur eta gazte literaturak ere badu bere merkatua, eta iazko salduenen zerrendan sartu dira bi argitalpen. Lehena, Garazi Arrula Ruizen testua eta Helena Azkarragaurizarren ilustrazioak daramatzan ‘‘Bidean’’ (Denonartean-Cenlit) eta, bigarrena, Isabel Minhos Martins-en testua (Garazi Arrula Ruizek itzulia) eta Bernardo Pego Carvalho-ren ilustrazioekin osatutako ‘‘Hemendik ez pasa’’ (Txalaparta).

Azkenik, iazko salduenen zerrendara sartu da Carlos Velazquez Caballeroren ‘‘Nafarroan eskalada egiteko gida’’ (Sua Edizioak). Gidaliburua lehendik ere bazegoen, baina edizio berritua eta informazio gehiago biltzen duena da honako hau.

Iaz gehien saldutako liburuen artean nabarmena da genero baten hutsunea; poesiarena, hain zuzen. 2022an kalitate nabariko lanak argitaratu ziren arren, ohi bezala, olerki-liburuak salduenen zerrendatik kanpo geratu dira. Ea joerak aldatzeko bidea hartzen duen.