FEB. 19 2023 KOLABORAZIOA Zientziekin arazo bat dugu Koldo GARCIA ETXEBARRIA Ikertzailea Berriro gertatu da, oraingoan Zubietako erraustegiaren inguruan. Txosten zientifiko batek ezbaian jarri du bere funtzionamendua eta datuak gaizki interpretatu direla izan da erantzuna. AHTarekin, klima-larrialdiarekin edo osasun-arretarekin, beste hainbeste. Bitxiki, norberaren interesen, aburuen eta gaiaren arabera, argudiatuko da zientzia sendoa dela eta kasu egin behar zaiola edo, alderantziz, interpretazioa okerra dela edo bestelako datuak daudela kontrakoa diotena. Zientziek dioten hori gure aurreiritziekin lerrotzen bada, zientzien eta zientzialarien prestigioa defendatuko dugu; gure aurreiritziak ezeztatzen badituzte, zientziak eta zientzialariak susmagarriak direla iradokiko dugu. Jokabide horrek pertsona eta gizarte moduan pobretzen gaitu eta eztabaidak gaiztotzera eramaten gaitu. Egiturazko arazo bat dugu zientziekin, funtsean ez ditugula ulertzen edo ulertu nahi, eta ez dugula hori onartu nahi. Bestela esanda: kultura zientifiko oso eskasa dugu. Hainbat faktore eta inertziak eragin dute egoera defendaezin hau: zientzien mardultasuna bera, zientzian ari garenon interes falta egiten dugunaren arrazoiketa zabaltzeko, periferiek zientzietan aritzeko izandako zailtasunak, zientzien transmisio okerra arlo formal eta ez-formaletan, zientziak aspergarriak omen direla, berehalakotasunaren gizartean denbora eta energia ez izatea arnasa luzeko hausnarketetarako, edota gure erakundeak eta agintariak ez direla eredugarriak ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzeko orduan. Horietako batzuk zuzentzeko neurriak hartu badira ere, oraindik bide luzea dugu zientziak behar bezala ulertzeko. Zientziak gizakiok asmatutako artefaktuak diren heinean ez dira batere perfektuak. Onerako eta txarrerako gure isla dira eta, ondorioz, gure gaitasunen, gabezien eta garaien menpekoak dira. Baina ezagumendu koherentea eta sendoa biltzeko asmatu dugun modurik onena da eta, egoki eginda, oso ondo funtzionatzen dute. Bestela, irakurtzen ari zaren hau ezinezkoa litzateke, posible egiten duten aurkikuntza guztiak zientziei esker baititugu. Zientziak hobetzeko kritikatu egin behar dira, baina kritika horiek egokiak izan behar dute, bai formetan, bai edukietan. Askotan, zientzien eta zientzialarien aurka egindako kritikak lekuz kanpokoak, bidegabeak eta zitalak izan dira, tamalez, covid-19aren pandemian ondo ikasi dugu hori. Zientziak eta dituzten arrazoiketak hobe azalduta eta ulertuta kritika oso baliagarriak egin daitezke, kritiken jomugak modu egokian kokatzen baitira. Zientziak eta dituzten balioak ulertzea eta gizartean hedatzea arrakastatsua izatea nahi badugu, modu partekatuan egin behar dugu. Ezin daiteke izan transmisio bertikal soil bat izan, pulpituak ez dira zientziekin ondo uztartzen. Dakigun hori gizartearen eskuetan jarri behar dugu gizartea zientzietan ahalduntzeko. Hala, datuak aztertzeko eta ondorioak ulertzeko gaitasun handiagoa izango dugu, ebidentzia zientifikoei testuinguru zuzen bat emateko. Denok diogu erabaki helduak hartzen dituen gizarte kritiko bat nahi dugula. Zientziak aintzat hartu gabe eta kultura zientifikorik gabe hori nekez lortuko da. Errealitatea modu koherentean, sendoan eta partekatuan ulertu nahi badugu, erabaki eta helmuga egoki eta gauzagarriak zehazteko, zientziak lanabes oso ahaltsuak dira. Aurretik ditugun erronka handiei eta txikiei heltzeko zientziak aintzat ez hartzea edo zientzien garrantzia mugatzea erabaki suizida da, batez ere periferientzat. Lana dago aurretik, bai, baina zientzietan ahalduntzea erabakigarria izan daiteke etorkizunari aurrea hartzeko eta ez soilik aurre egiteko.