A.A.
ERREMONTEA

Imanol Ansak jantzi du Masterseko txapela

Imanol Ansak bere ibilbideko banakako lehen txapel handia jantzi zuen atzo Galarretan, Kutxabank Masterseko finalean Endika Barrenetxeari 29-30 irabazi ostean. Aurrelari urnietarra nagusi izan zen neurketa ia osoan, 17-28 eta 24-29 irabazten joan zen, baina garaipen erosoa izan behar zuena asko zaildu zitzaion Barrenetxearen amaierako partzialekin.

Txapelketa osoan bezalaxe, atzo ere hasieratik ikusi zen Ansa II.a txispa handiarekin dabilela. Pilota oso bizi ibili zuen une oro eta Barrenetxeak zailtasun handiak izan zituen pilotara jartzeko. Sakearekin arazoak izan arren -bost falta egin zituen-, garaiz lortu zuen neurria hartzea eta apurka-apurka aldeak handitzen joan zen, ikuskizun ederra emanez bai defentsan eta bai erasoan.

Baina Barrenetxea ezkerparetatik sakatzen hastean egoera goitik behera aldatu zen: 0-6ko bi partziali esker finala 29-29 berdintzea lortu zuen. Azken tanto erabakigarrian, Barrenetxeari kanpora alde egin zion pilotakada batek.