GARA
WASHINGTON

Enpresari ordainarazi nahi diote tren batek Ohion eragindako kaltea

Joe Bidenen Gobernuak Norfolk Southern konpainiari agindu dio gai toxikoak zeramatzan tren bat errailetik ateratzeak Ohion eragin duen hondamendiaren garbiketaren kostu osoa bere gain hartzeko.

AEPAko teknikari bat, ur-ibilguen garbiketan.
AEPAko teknikari bat, ur-ibilguen garbiketan. (Michael SWENSEN | AFP)

«Zentzukoa da. Haien hondamendia da eta beraiek garbitu beharko lukete». Hitz horiek erabilita iragarri zuen Joe Biden presidenteak AEBetako Ingurumena Babesteko Agentziak (EPA) Norfolk Southern tren-konpainiari Ohion isuritako material arriskutsu guztiaren garbiketa ordaintzeko agindu diola. Ildo beretik, EPAk zehaztu zuen agindu loteslea dela, eta ohartarazi zuen enpresak agindutakoa egiten ez badu, «agentziak berehala esku hartuko duela, beharrezko lana egingo duela eta, ondoren, Norfolk Southern kostu hirukoitza ordaintzera behartuko duela».

«Utzidazue argia izaten: Norfolk Southernek ordaindu egingo du sortu duen hondamendiaren garbiketa eta komunitate honi eragin dion trauma», esan zuen Michael Regan EPAko zuzendariak.

Enpresak AFP agentziari aitortu zion jakitun dela. «Orain arte garbiketen eragiketengatik ordaindu dugu, eta horretan jarraituko dugu. Gunea ondo eta modu seguruan garbitzeko konpromisoa hartu dugu, eta egoiliarrei ordaintzen ari gatzaizkie beren eguneroko bizitzetan eragindako asaldurengatik», adierazi zuen enpresak.

Bidenek esan zuen Garraio Sailak argi utzi diela tren-konpainiei «segurtasun arauen aurka» egotearen eredu hori aldatu egin behar dutela. Administrazioak «segurtasuna lehenesten ez duten» enpresak erantzule egiten jarraituko duela gaineratu zuen. «Kongresuak gurekin bat egin behar du», esan zuen.

Kezka, herritarren artean

AEBetako osasun agintariek eta Ohioko East Palestine hiriko biztanleek ziurgabetasun handiko garaia bizi dute, otsailaren 3an substantzia kimiko arriskutsuak zeramatzan merkantzia-tren bat burdinbidetik atera izanak epe luzera izan ditzakeen ondorioak direla-eta. Istripuaren ondoren herria aldi baterako ebakuatu zuten, eta herritarrek exijitzen dute gertatutakoa ikertzea ohiko bizimodura itzuli aurretik. Inguruko biztanle batzuek adierazi dute sintomak izan dituztela, tartean buruko minak, eta minbizia garatzeko beldur direla nabarmendu dute.