GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
PERU NOLASKOAIN
Eibarko jokalaria

«Zesioa amaitzean beste jokalari bat izango naizela uste dut»

Athleticekin debutatu zuenetik, bide neketsua ibili behar izan du Peru Nolaskoainek (Zumaia, 1998). Bi zesio gazi-gozo, lesio larria, aukerarik ez etxera bueltan… Esperientzia guztiak «ikasteko» aprobetxatzen saiatu da eta orain «disfrutatzen» ari da ikaskuntza-prozesuarekin ere, parte-hartze nabarmena izaten ari baita Eibarren ibilbide esperantzagarrian.


Imanolen lesioak astea ilundu badu ere, umore onez ekin diote armaginek gaur hartuko duten Vila-Real B-ren bisita (Ipurua, 21.00) prestatzeari, Lugon bolada txarrari amaiera eman ondoren. Sufrituta, 2. mailan topikoak guztiz asmatzen baitu eta partida guztiak zailak baitira. «Baloratu behar dugu irabazten dugun partida bakoitza; puntu bakoitza».

Bigarren Mailako exijentzia handia da; are gehiago, goian egon nahi dutenentzat.

Bakoitza bere buruagandik hasi behar da exijitzen eta horrekin taldearen exijentzia igo. Hala ere, partidak galtzea onartu behar da. Hiru partida jarraian ez badituzu irabazten eta burua joaten bazaizu, uste dut ez zaudela prest goi mailan lehiatzeko. Noski, gauza bat da onartzea eta beste bat, konformatzea. Barrutik mina ematen digu partidak galtzeak eta hortik atera behar duzu indarra, buelta emateko.

Exijentzia fisikoa ere bada, zuen erizaindegia ikusi besterik ez dago. Hori da gehien arduratzen zaituena azken txanpari begiratuta?

Bai. Talde lehiakorra gara, partidak irabazteko kapazak, gauzak gaizki irteten zaizkigunean badakigu buelta nola eman… Baina miraririk ezin dugu egin, 15 jokalarirekin ez goaz inora horrelako denboraldi luze batean. Partida baterako, taldean aukera asko daude, jokalari polibalenteak, eta guztiok gaude ahal dugun modu onenean laguntzeko irrikan. Baina martxo-apirilean oso garrantzitsua izango da jokalari asko, talde osoa, prest izatea.

Arazo handiena hegaletan daukazue, probatu ez duzun posizio bakarrenetakoan. Baina uste dut oraingoa dela gusturago hartu duzuna.

Urteetan arduratu nauen gauza izan da ez jakitea benetako posizioa zein zen, ze egun batean atzean jokatzen nuen, bestean zortzi bezala, beste batean hamarra bezala ere… Eta uste dut Gaizkak hori eman didala, nik ezagutzea non; nik uste dut bilatu dudala nire postua, sei posizio horretan, Matheus edo Javi baino pixka bat atzerago, pixka bat taldea sendotzeko edo. Nire posizioa dela uste dut.

Politena... eta zailena.

Zailena da, bai, baina eroso sentitzen naiz. Jokalari hori taldean protagonista izaten da, erasoan eta defentsan garrantzitsua, eta pozik nago horrekin. Badakit oraindik gehiago eman dezakedala, marjina daukadala denboraldia amaitu arte, baina gustura nago.

Kosta egin zitzaizun taldean sartzea, baina hamaikakoan egonkortu zara. Zer aldatu da? Zu, taldea, entrenatzailearen ikuspuntua…?

Nire gauza izan dela uste dut. Bloke bat eginda zegoen, iaz oso denboraldi ona egin zuen taldeak, eta heldu nintzenean agian ez nuen jakin oso ondo nola sartu taldean, nire posizioa zein zen… Baina uste dut hartu dudala lekua eta maila onena emateko jokalari orok behar duen protagonismo puntu hori ere bai.

Denboraldi hasiera ez zen erraza izango. Athleticen aurten ere lekurik ez daukazula ikusi, Eibarrera etorri, eta minutu gutxi hor ere. Buelta asko eman zenizkion buruari?

Bai. Beti izan naiz pixka bat «errusiar mendia», gauzak ondo doazenean ondo baina gaizki doazenean… Baina nire buruari esan nion ‘nire esku dagoena egingo dut eta konstantea izango naiz’, konstantziak eramaten baitzaitu hobekuntzara. Eta lanari ekin nion. Gertuko jende askok ere asko lagundu nau, lagunek, neskak, familiak... lehen bi hilabete horiek ez baitziren errazak izan. Entrenatzera etorri eta ez jokatu… Lanaren barruan dagoen arren, ez da erraza. Baina hori onartzea ere garrantzitsua da eta, hain zuzen, hobekuntza onarpen horretatik etorri dela uste dut.

Aurreko esperientziek ere lagunduko zizuten, klubak eta egoerak oso desberdinak izan arren.

Oso desberdinak. Eta nire adina ere bai; 19 urte nituen Deporrera joan nintzenean. Gero, lesioa izan eta gero, Amorebieta etorri zen, minutuak izateko aukerarekin. Futbolera bueltatu nintzen zesio horrekin. Banekien oso zaila izango zela mailari eustea; saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Esperientzia guztiekin ikasi dut eta orain ere ikasten ari naiz oso egoera desberdin batean eta beste helburu batekin.

Eibarrentzat oso garrantzitsua da. Eta zuretzat? Zer garrantzi ematen diozu denboraldiari etorkizunera begira?

Nire helburua ahal dudan guztia jokatzea da. Eta 1. mailara igotzea nahi dut, Eibarren helburua delako eta niri ere ondo etorriko zaidalako. Eta kasu hipotetiko batean, igotzen bagara eta Bilbon ez badute nirekin kontatzen, zergatik ez ikusi Eibarrera etortzeko aukera badagoen? Ni oso pozik nago hemen, oso giro ona dago eta oso ondo etortzen ari zait zesio hau. Aprobetxatzen ari naizela uste dut eta amaitzen denean beste jokalari bat izango naizela uste dut.