GARA
DONOSTIA

Etenaldia iragarri dute Huntza eta El Columpio Asesino musika taldeek

Egun berean iragarri dute El Columpio Asesino eta Huntza taldeek oholtzak uztea erabaki dutela. Iruindarrek hogeita bost urteko ibilbidearen ostean taldea desegin eta nork bere bidea hartuko duela jakinarazi dute eta gipuzkoarrek, aldiz, «etenaldi mugagabea» aipatu dute, «arnasa hartu eta indarberritzeko astia» iritsi zaiela. Biek ala biek iragarri dituzte agur-bira mardulak.

El Columpio Asesino eta Huntza taldeek agur-bira bana antolatu dute.
El Columpio Asesino eta Huntza taldeek agur-bira bana antolatu dute. (KATXOBITXO - Monika DEL VALLE | FOKU)

Sarean milioika ikustaldi lortu dituen “Aldapan gora” kantaren bideoklipa grabatu zen toki beretik iragarri dute Huntza taldeko sei kideek (Josune Arakistain, Uxue Amonarriz, Aitor Huizi, Aitzol Eskisabel, Inhar Eskisabel eta Peru Altube) «arnasa hartu eta indarberritzeko astia» behar dutela. «Etenaldi mugagabea» egingo dute, baina ez berehalakoan. Azken emanaldia urtebete barru eskainiko dute, 2024ko otsailaren 3an, Miribillan (Bilbo), ‘‘Azkena balitz bezala’’ lemapean. Luze jo gabe ikusiko ditugu, gainera, Huntzakoak berriz taula gainean: bihar Durangoko 40 Minutu Rock jaialdian izango dira.

Unibertsitate garaian, Bilboko Alde Zaharreko kaleetan osteguneroko trikipoteoetan, elkartu ziren sei gazte gipuzkoarrek osatu zuten Huntza, 2014. urtean. Bi urte beranduago, 2016ko martxoaren 8an, lehen kantua plazaratu zuten, ‘‘Harro gaude’’, oholtza gainera salto egin zuten lehen emakumeak omentzen zituena. ‘‘Aldapan gora’’ abestiarekin sekulako arrakasta lortu zuen taldeak bost lan kaleratu ditu: ‘‘Ertzetatik’’ (2016), ‘‘Lumak’’ EPa (2017), ‘‘Lasai lasai’’ EPa (2018), ‘‘Xilema’’ (2018) eta ‘‘Ezin ezer espero’’ (2021).

Azken agurra Iruñean

Arizaleta anaiek, Iñigo Solak, Cristina Martinezek eta Daniel Uleciak, bestetik, ia mende laurdeneko bidea eginda amaiera puntua jarriko diote El Columpio Asesinori. ‘‘Toro’’ eta ‘‘Babel’’ ahaztezinen sortzaileek euren estiloarekiko leiala den komunikatu baten bidez eman zuten albistea: «Gauza gutxi dago rocka, popa edota elkar maite duten norbanakoek egiten duten hori egiten duten talde batean egotea baino gauza zirraragarriagorik, sintetizadoreak, gitarrak eta danborrak furgonetan sartuta kontratatzen dituzten hara iristeko errepideak zeharkatuz».

«Baina guztiak du amaiera bat, eta gure iritsi da. Zertarako eman azalpenak. Denok dakigu gure bizitzan zerbait amaitzen denean eta onartu egin behar dugu», azaldu zuten oharrean.

Amaierak «onak ala txarrak» izan daitezkeela ere nabarmendu zuten eta, euren kasuan, amaiera zaleei eskutik helduta gauzatuko dela argitu zuten, euren diskografiari errepasoa egingo dieten kontzertuak emanez: «Horregatik, gure areto gogokoenetan elkar topo egitera gonbidatzen zaituztegu, gauari su emateko. Gaua izerditan urtzen. Gaua maitatzen. Amildegiaren maitale garelako, zaretelako eta beti izango garelako. Mila esker urte guzti hauengatik», esanez amaitzen da oharra.

Rock, punk, pop eta elektronika nahasiz, estilo aldetik sailkatzeko zaila da El Columpio Asesino. Beren ibilbidean sei disko utzita itxiko dute zikloa: taldearen izen berekoarekin hasi zuten bidea 2003an eta azkena, ‘‘Ataque celeste’’, 2020an plazaratu zuten. Tartean, ‘‘De mi sangre a tus cuchillas’’ (2006), ‘‘La gallina’’ (2008), ‘‘Diamantes’’ (2011) eta ‘‘Ballenas muertas en San Sebastián’’ (2014) argitaratu dituzte, lehen hirurak Astro Discos-ekin, hurrengo biak Mushroom Pillow-rekin eta azkena Oso Polita Records-ekin.

Agurra iragarri eta gutxira ‘‘Amarga baja’’ izeneko agur biraren lehen hitzorduak iragarri zituen taldeak. Bira Bilbon hasiko da irailaren 15ean eta Iruñeko Zentralen izango du amaiera, abenduaren 29an.