EDITORIALA

Interes militaristen logikatik at, negoziazioa

Urtebete da Errusiako Armadak Ukrainari eraso egin eta hango gerra hasi zela. Zorrotz izanda, ordea, Errusiaren inbasioa hasterako Ukrainan gerra bazegoela esan beharra dago, zortzi urte lehenago Donbassen piztu zena. Inbasio horrek nazioarteko ezohiko erreakzioa izan du, Irak, Afganistan eta Yemengo gerrek edo Israelen bonbardaketek (atzo Gazaren gaineko hamaikagarrena) eragin ez dutena. Ukrainako gerra hasi baino egun bakan batzuk lehenago gerraren aukera urrun sumatzen zen, eta arma nuklearren erabilera pentsaezina zen. Urtebete igarota, Mendebaldeko herrialdeen kezka nagusia Ukrainara arma gehiago bidaltzea da, gero eta eragingarriagoak, eta mehatxu nuklearra ez da hain urrun sumatzen.

Duela urtebete hain posible eta beharrezkotzat jotzen zen negoziazioaren markoa eskalada militarrak ordeztu du, gerraren ondorio ikaragarrien jakitun. Izan ere, ez da horien erakusgarri falta, aski bada ere azken urte honetakoa. Hildakoak eta zaurituak milaka, errefuxiatuak trumilka... ondorio tamalgarriak ukrainarrentzat, jakina, baina baita errusiarrentzat ere, eta europarrentzat eta munduko hainbat herrialderentzat, zereal hornikuntzarik ezagatik ez bada, inflazio eta krisi energetikoagatik. Baina horrek guztiak pisu gutxi du interes geopolitiko eta ekonomikoen logika makurrean. Bi aldeek eta bien aldekoek defendatuko dituzte besteak errespetatzen ez dituen eskubideak eta balioak, eta beraiek horiek urratzea justifikatuko dute, ez dela gauza bera esanda. Izan ere, gauza eta egoera guztiak dira desberdinak, eta ikuspuntuak. Horregatik negoziatu behar da, ikuspuntu guztiak aintzat hartuko dituen itun bat lortze aldera. Agertoki horretara bultzatu beharko luke nazioarteko komunitateak, hori litzateke benetako elkartasuna; bestea, morrontza edo bakan batzuen interesak elkartasunez mozorrotzea.

Kontua ez da, inondik ere, beste aldera begiratzea, aitzitik baizik, nazioarteko parte hartze handiagoa behar da, baina hegemonia lehia militaristaren logikatik kanpo. Gerra egun bakoitza porrot bat da, denontzat, gerraren balizko irabazlea