GARA
DURANGO
PILOTA

Women Winter Series, «aurrerapauso itzelaren» seinale

Aurreneko aldiz, emakumezkoen zesta-puntako neguko txapelketa jokatuko da, azken urteetan zeharo indartu den «Winter Series» markaren pean.

Durangoko Ezkurdi pilotalekuan egin dute aurkezpen ekitaldia.
Durangoko Ezkurdi pilotalekuan egin dute aurkezpen ekitaldia. (DURANGOKO UDALA)

Zesta-puntak, oro har, goranzko bilakaera hartu du azken urteetan; batez ere, produktua saltzen asmatu denean. Daniako (Florida, AEB) frontoi esanguratsuenaren itxierak, Euskal Herrian zerbait erakargarria bultzatzera behartu zuen. Winter Series markak ederki funtzionatu du eta neguko txapelketa uda garaira ere pasatu da. Hori aski ez, eta Jai Alai League-ren sorreraren berri ere eman zuten duela gutxi, zesta-puntaren egutegia urte osora eta pilotaleku guztietara zabalduta. Orain, urrats berri bat egin nahi izan dute, eta, lehendabiziko aldiz, emakumezkoen txapelketa jokatuko da.

“Women Winter Series” izena izango du eta emakumezko puntistek lehiatzeko aukera izango duten txapelketa aitzindaria izango da, orain arte mutilekin soilik lehiatu izan baitira, «emakumezko puntista gutxi zeudelako».

«Azken urteetan emandako aurrerapauso itzelei esker», egun posible da lehiaketa bat egitea eta Winter Series markaren antolatzaileek beren gain hartu dute egitekoa.

DURANGOKO EZKURDIN

Berriki eraberritutako Durangoko Ezkurdi pilotalekuak jasoko ditu Women Winter Serieseko lehiak, hiru guztira. Astelehenean, hilak 27, jokatuko da estreinako partida; martxoaren 6an, bigarrena; eta hirugarren astelehenean, martxoaren 13an, jokatuko da finala.

Orotara, lau bikotek neurtuko dituzte indarrak eta partida bakoitzeko garaileek lortuko dute finalerako txartela. Modu honetan, iraupenez motza izango da txapelketa, baina honek jarraipena izatea du helburu.

Izen propioen artean, Eneritz Lizardi mutrikuarra dago, zirkuituko beteranoena (18 urte besterik ez ditu) eta munduko txapelduna. Etxean arituko den Helena Barrenetxea durangarrarekin osatuko du bikotea.

Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak -mutrikuarrarekin bikotea osatuz Munduko Txapelketan urrea kolkoratu zuenak-, bestalde, Maialen Aldazabal berriatuarra izango du bikote.

Erika Mugartegi markinarra eta Frida Watkins zumaiarra dira txapelketako gazteenak (15 urte) eta Arai Lejardi eta Ihart Arakistain izango dituzte bikotekide, hurrenez hurren.

Arakistain-Watkins eta Ortiz de Mendibil-Aldazabalen partidarekin abiatuko da txapelketa eta hurrengo astean Mugartegi-Lejardi bikote markinarrak eta Barrenetxea-Lizardik neurtuko dituzte indarrak. Irabazleak finalean, martxoaren 13an, arituko dira. Partida guztiak, EITBk emango ditu, zuzeneko faltsuan, 22.30etik aurrera.

SARRERAK SALGAI

Sarrerak jada salgai daude www.eramanjaialai.com webgunean. Txapelketa osorako bonuak daude eskuragarri 30 euroan. Gainontzean, jardunaldi bakoitzekoek 10 euro balio dute eta finalekoek, 15.