GARA Euskal Herriko egunkaria

Bi bakegile Auzitegi Korrekzionalean epaitzeko eskatu du Fiskaltzak

2016an Luhuson bakegileen alde eginiko protesta. (I.MIQUELESTORENA)

Euskal Herriko bake prozesuan mugarri izan zen Luhusoko ekimenetik sei urte igaro direnean, horregatik auzipetuta dauden hiru lagunei dagozkien eskaerak egin ditu Pariseko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak.

Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek atzo jakitera eman zutenez, Jean-Noel Etcheverry Txetx eta Beatrice Molle-Haran Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaitzeko eskatu du fiskalak. Aldiz, afera honetan orain arte hirugarren auzipetua zena, Stephane Etchegaray Etxe, errugabetzeko galdegin du Fiskaltza bereziak.

Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle-Haranen aurka egindako eskaerak «onartezinak» direla salatu zuten Bake Bideak eta Bakegileek Fiskaltzaren erabakiari buruz plazaratu zuten oharrean, eta 2016ko abenduaren 16an ETAren armagabetzea laguntzeko eginiko ekimenaren karietara auzibidean diren pertsona guziak hobengabetzeko eskatu zuen.

Beste aukerak

Iazko azaro eta abendu artean amaitutzat eman zuen epaileak auziaren instrukzioa. Prokuradoreak hiru hilabeteko epea zuen bere errekisizioak aurkezteko, eta, epe hori agortu gabe, bere eskaera bideratu du.

Hiru aukera zituen. Batetik, Luhuson jardun zuten bost herritarrak atentatu bat prestatzen ari zirelako akusaziopean, bizirik diren hiru ekintzaileak Pariseko auzitegi berezian epaitu ditzatela galdegitea. Bigarren aukera auzitegi korrekzionalean epaitzea eskatzea zen. Azkenik, auziaren artxibatzea galdegitea posible zuen fiskalak. Bigarren eta hirugarren aukerak baliatu ditu, auzia epaitegi berezian egiteko hautua baztertu ondoren.