Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Erresistentzia

1943ko azaroaren 9an ikusi zuen argia lehen aldiz “Le Faux Soir”-ek Belgikan, Front de l’Indépendence erresistentzia taldearen eskutik. Hasieran alemaniar okupatzaileen propaganda tresna bilakaturiko “Le Soir”-i aurre egitea zuen helburu kazetak, baina parodiara jo zuen denbora laburrean, etsaiaren bizkar barre eginda herritarren morala indartzeko asmoarekin.

Gerra amaitu ostean “Le Faux Soir” erresistentziaren sinbolo iraunkor bihurtu zen; besteak beste, 1954ko “Un Soir de Joie” bezalako filmek egindako kultur oroimen lanari esker. Oroimen hori bizi-bizirik dagoela argi geratu zen 2018an, kazetaren 75. urteurrenaren harira Erresistentziaren Museo Nazionalak eta Brusela Hiriko Artxiboek antolaturiko ekitaldien bidez. Duela egun batzuk Michael R. Roskam film zuzendari belgikarrak “Le Faux Soir”-en gaineko film bat iragarri du, bere ohiko kolaboratzaile Matthias Schoenaerts-en parte-hartzearekin. Roskamen hitzetan, «gai garaikidea eta oso garrantzitsua da, adierazpen askatasunaren, prentsa askatasunaren eta jendeak nahi duena esateko, pentsatzeko zein nahi duenari buruz barre egiteko askatasunaren ingurukoa. Charlie Hebdoren antz handia dauka. Pertsona hauek bizia arriskuan jarri zuten jendeari barre eragitearren». Tira, egun, argitalpen “antirrazista, eszeptiko, sekular eta ezkerreko erradikalismoaren tradizioko” gisa deskribatua den arren “Charlie Hebdo”-n argitara- turiko hainbat karikatura tradizio arrazista batean kokatzen dira, nahiz eta Europan adierazpen askatasuna esaten zaion horri.