Maite BIDARTE
DONOSTIA

Lara Izagirre, «20.000 especies de abejas» filmetik Lorcaren «Yerma»-ra

Polonia, Belgika, Luxenburgo, Italia edo Taiwan... nazioartean ere ikusiko da Estibaliz Urresolaren «20.000 especies de abejas». Hala baieztatu zuen atzo Lara Izagirre ekoizleak NAIZ Irratiko «Bideokluba» saioan. Zinemagile zornotzarra zuzendaritza lanetara bueltatuko da berriro, eta dagoeneko martxan du hirugarren proiektua: Maria Goirizelay dramaturgoak Lorcaren «Yerma» klasikoan oinarritutako antzezlana zinemara eramango du.

Lara Izagirre, erdian eta zuriz jantzita, Berlinalen egin berri duten aurkezpenean.
Lara Izagirre, erdian eta zuriz jantzita, Berlinalen egin berri duten aurkezpenean. (Tobias SCHWARZA | AFP)

Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatu berri da Estibaliz Urresola Solagurenen “20.0000 especies de abejas” filma eta «ospatzeko asko» dagoela esan zuen atzo filmaren ekoizle Lara Izagirrek (Gariza Films), prentsaren harreragatik, ikusleen txalo zaparradagatik, baita nazioartean egindako salmentengatik ere. Filmaren eskubideak saldu dira Taiwan, Polonia, Belgika, Italia, Luxenburgon... «eta zerrenda luzatzen ari da», esan zuen Izagirrek NAIZ Irratiko “Bideokluba” saioan. Hego Euskal Herrian apirilaren 21ean estreinatuko da, eta Ipar Euskal Herrian oraindik ez da datarik finkatu.

«Sentsazioa dugu filma ikusleen eta kazetarien bihotzetara iritsi dela», eman zuen aditzera Izagirrek, eta barrea ere atera zitzaion Berlinaleko aurkezpen prentsaurrekoa eta premierra gogora ekartzean: «Oraindik sinesten ez dugun zerbait da». Lortutakoa historikoa ote den galdetuta, hein batean baietz uste duela esan zuen. «73 urte hauetan lehendabiziko aldia da Berlinalen euskara aditzen dena Sail Ofizialean. Eta, gainera, film honen atzean dauden pertsona gehienak emakumezkoak dira».

Zuzendaritzara buelta

Hasi berria da Lara Izagirre ekoizle lanetan. Gidoilari eta zuzendari lanean aritua da; esaterako, bereak dira “Un otoño sin Berlín” (2015) eta “Nora” (2020) film luzeak. «Niretzako lanbide berri bat ezagutzea izan da -aipatu zuen atzo-. 2018an hasi ginen proiektuarekin eta, zorionez, denbora izan dut ofizioa ikasteko eta nire burua egokitzeko. Baina, oso gogorra izan da», aitortu zuen bizkaitarrak.

«Feminista eta independente» definitzen den Gariza Films ekoiztetxeko partaidea da Lara Izagirre. “20.000 especies de abejas” lehen film luzea ekoitzi diote Estibaliz Urresola Solagureni, baita nazioartean hainbat sari jaso dituen “Kordak” film laburra ere.

Lara Izagirrek argi du, ekoizle izatea esperientzia oso aberasgarria izan bada ere, berak bihotzean daramala gidoigintza eta film zuzendaritza, eta NAIZ Irratian, primizian kontatu du lanean dabilela bere hirugarren proiektuan. «Nahiz eta ekoiztea esperientzia itzela den, gogoa daukat nire hirugarren proiektua izanen dena aurrera ateratzeko», aitortu zuen.

XXI. mendeko «Yerma»

Proiektua hasierako fasean dago orain eta Berlinaleko industria merkatua aprobetxatu dute hainbat bilera egin eta koprodukzioa bilatzeko. «Konturatu gara pelikula gustukoa izan dutela», esan zuen.

Lara Izagirreren proiektu berriaren oinarria Maria Goirizelayak, Lorcaren klasikoa oinarri hartuta, zuzendu eta egokituta duen “Yerma” antzezlana da. Antzerkian Ane Pikaza da lan horretako protagonista eta tragedia bat kontatzen du, gaur egunera ekarrita. “Lorquian trilogia”-ren parte diren hiru antzezlanetako bat da, “La casa de Bernarda Alba” (1936) eta “Bodas de sangre” (1933) lanekin batera.

Maria Goiricelaya dramaturgoa bera, Ana Hormaetxea gidoilariarekin batera, filmaren gidoia idazten ari da.