GARA
OSASUNA

«Sevillara guztiarekin ez bagoaz, ez dugu aukerarik izango»

Arrasate, Sadarren, Atleticoren aurkako partidan.
Arrasate, Sadarren, Atleticoren aurkako partidan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gaur (21.00etan) hirugarren aldiz arituko dira elkarren aurka Sevilla eta Osasuna denboraldi honetan. Kasualitatez, aurreko biak Sadarren jokatu zuten, eta bietan atera zen garaile talde gorritxoa. Lehenengoa abuztuaren 12an izan zen, Ligan, andaluziarren aulkian Julen Lopetegi zela, eta azkenekoa duela hilabete, Kopako final-laurdenetan, non Jagoba Arrasateren taldeak Jorge Sampaolirena kaleratu zuen.

Hala ere, estatistikek askotan ez dute ezertarako balio. «Dugun guztiarekin ez bagoaz Sevillara, ez dugu aukerarik izango», nabarmendu zuen atzo prestatzaile bizkaitarrak.

«Emaitza on bat lortzeko gogotsu gaude. 30 puntu ditugu eta ezin dugu hor geratu. Porrot batetik gatoz eta partida on bat egin nahi dugu», gaineratu zuen Arrasatek. Ez hori bakarrik. Urtarrilaren 14tik Osasunak ez du garaipenik lortu Ligan. Tartean hiru berdinketa lortu dituzte nafarrek (Elx, Espanyol eta Valladolid) eta bi porrotak, hori bai, Atletico eta Real Madril indartsuen aurka izan dira.

Orain, gainera, Osasunak bi partida jokatuko ditu lau egunetan. Kopako finalerdiko asteazkeneko Athleticen aurkako joaneko neurketa ere gertu du talde iruindarrak -sarrera guztiak agortu zirela iragarri zuen atzo klubak- eta, beraz, errotazioak egingo dituela aitortu zuen: «Ezinezkoa da esfortzuak errepikatzea hiru egunetan, kontuan dugu hori, baina orain, emaitza on bat lortzeko, bihar hamaikako lehiakor bat ateratzea eta aldaketekin asmatzen jakitea dugu buruan». Chimy Avila jokatzeko prest egongo da gaur.