GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Saskiratze desafioan galtzaile atera da Kutxabank Araski Jairisen aurka (78-74)

Jairisek asko asmatu zuen kanpoko jaurtiketetan. (S. LOPEZ | CB JAIRIS)

Kutxabank Araskik lehendabiziko aldiz bisitatzen zuen Fausto Vicent pista eta, gutxigatik bada ere, porrot batekin pasatuko da historiara gertakari hau (78-74). Arrazoia? Hozono Global Jairisek asko asmatu zuen jaurtiketetan, gehienbat bigarren zatian. Egia da gasteiztarrek 0-11ko partzial bat egin zutela partidako azken minutu eta erdian, baina markagailua apaintzeko bakarrik balio izan zien.

Hori bai, ia hiru minutu pasa behar izan ziren neurketako lehen saskiratzea ikusteko. Tanaya Atkinsonek sartu zituen lehenengo puntuak eta Araskik zenbait tiro libre egin zituen partidako lehen aldeak lortzeko. Baina Hozono Global Jairisek ondo erreakzionatu zuen erritmo altuaren bidez eta lehen laurdenean berdinketa ipini zuen (16-16).

Etxeko taldeak momentua aprobetxatu zuen eta gasteiztarrak atzetik aritu ziren orduz geroztik. Madelen Urietak zenbait hutsarte eskatu behar izan zituen Jairis geldiarazteko helburuarekin. Murtziarrek toki guztietatik saskiratzea lortu zuten bigarren laurdenean eta eskerrak Araskik bere izaera atera zuen eta Txell Alarconek hiruko marratik asmatu zuen atsedenaldira 35-33koa joateko. Hirugarren laurdenean, nahiz eta Tanaya Atkinsonek egun ona izan, etxeko taldeak azeleragailua zapaldu zuen aldea hamar puntutan jartzeko (59-49). Azken laurdenean gauzak antzeko samar joan ziren eta orduan gasteiztarrek ipini zuten beste martxa bat, baina ezin izan zuten emaitza irauli.