Urtzi URRUTIKOETXEA
OHIOKO TREN ISTRIPUAREN ONDORENA

Kezka eta haserrea, Ohioko tren istriputik hiru astera

Dagoeneko hiru aste baino gehiago joan dira gai toxikoak zeramatzan trenaren deskarrilamendutik, eta garbitze lanak bizkor egin badituzte ere, zalantzaz beterik eta oso kezkatuta daude East Palestineko herritarrak. Batzuek eragin fisikoak nabari dituztela salatu dute, bai azalean zein arnasa hartzerakoan.

Ezkerrean, East Palestineko herritarrak bilkuran, euren kezka eta beldurrak plazaratzen. Lerroon gainean, teknikariak, airearen kalitatea neurtzeko aparailuekin lanean.
Ezkerrean, East Palestineko herritarrak bilkuran, euren kezka eta beldurrak plazaratzen. Lerroon gainean, teknikariak, airearen kalitatea neurtzeko aparailuekin lanean. (Michael SWENSEN | AFP)

Washingtonek profesional medikuak bidali ditu, Ohioko gobernadoreak eskatuta, East Palestineko osasun-egoera behatu eta arriskurik ote dagoen aztertzera. Duela hiru asteko deskarrilamendua eztabaida politikoaren erdigunean sartu da, eta Donald Trumpen bisitak are gehiago hauspotu du zatiketa.

Ohio eta Pennsylvaniako mugan bertan dago 4.700 biztanleko East Palestine, Cleveland eta Pittsburgh hirietatik erdibidean. Eta bertatik igarotzen da bi hiri industrial horien arteko trena. Otsailaren 3an material arriskutsuak zeramatzan Norfolk Southern Railroad-en konboi batek su hartu zuen bidetik irten zenean. Ke laino bat sortu zen eta milaka herritar etxeetatik kanporatu zituzten.

Ondorengo egunetan, bost zisterna irekitzea erabaki zuten Ohioko agintariek, leherketarik egon ez zedin. Treneko produktu kimikoetako bat binilo kloruroa zen. AEBetako Ingurumena Babesteko Agentziak dio oso sukoia eta kantzerigenoa dela, batez ere arnasketaren bidez. Erretzen denean, beste konposatu toxiko batzuetan deskonposatzen da. Zisternak irekita, begiak, azala eta sudurra narrita ditzakeen hidrogeno kloruroa eta fosgeno gas toxikoa isuri ziren airera. Egunotan, euri azidoari buruzko beldurra zabaldu da; hainbat hedabidek gezurtatu egin dituzte mezuok, eta agintariek sare-sozialetan alarma-mezurik ez zabaltzeko eskatu dute.

USAIN KIMIKOA

Mesfidantza eta ezinegona dira nagusi East Palestineko herritarren artean, ordea. Ezbeharretik bost egunera, otsailaren 8an, etxera itzultzen utzi zieten. Herrian, baina, usain kimiko indartsua dago, eta ibaian behera 44 mila animalia hil dira. Iturriko uraren kalitateaz ere ez kezkatzeko esan zieten hasieran; handik ordu gutxira, DeWine gobernadorea bera eta osasun arduradunak hedabideen aurrean agertu ziren eta ezbeharra gertatu zen inguruan putzuak zituztenei botilako ura edateko aholkatu zieten. Orain, ur-arduradunek onartu dute Ohio ibaira doazen ibaiadarrak kutsatuta daudela, baina gaineratu dute edateko uraren hornidurak ez duela eraginik.

EPA Ingurumena Zaintzeko Agentziako administratzaileak esandakoaren arabera, «komunitateak jakin behar du entzuten dizuegula, ikusten zaituztegula, eta auzi honen muinera iritsiko garela. Produktu kimiko organiko lurrunkorrak ikertzen ari gara. Tren horretan zegoen guztia aztertzen ari gara». Kalean eta 400 etxebizitzatan egindako neurketen ostean, airean ez dagoela osasun-arazorik adierazi du Michael Reganek, eta gertatukoaren ardura konpainiari dagokiola berretsi du. Herritarrei helarazten dizkieten segurtasun mezuen ondoan, baina, haien esperientzia daukate. Azalean azkura, arnasa hartzeko zailtasuna, narritadura. Etxera itzultzeko baimena goizegi eman ote zuten susmoa dute, artean airean gai toxikoak zeudela. Leherketa handirik gertatzea eragotzi zen, baina produktua uretara eta airera isurtzea izan zuen ondorio.

East Palestine herriko ehunka lagun elkartu ziren joan den astean bertako institutuko gimnasioan, alkateak deitutako bileran. Etxean seguru dauden jakin nahi dute; kezkatuta eta haserre daude. Oraingoz, mila dolarreko laguntza eman die herritarrei, ebakuazioak sortutako arazoengatik, Norfolk Southern Railroad konpainiak. Zortzi auzibide ireki dira, gutxienez, konpainiaren aurka; besteak beste, substantzia toxikoen eraginpean egon direlako herritarrak, eta gertaerak eragin dien larritasun emozionala argudiatuta. East Palestineko zenbait herritarren kasua hartu duen Hunter Miller abokatuak dioenez, «hau haien gune segurua da, haien leku zoriontsua, haien etxea. Eta orain sentitzen dute ez dela hain leku segurua, etxean filtrazioak egon direla».

TRUMP BISITAN

2013an, Lac-Méganticen (Quebec) tren bat errailetik irtetean piztutako sutean 47 pertsona hil ziren, eta hiriko hiru eraikin ez beste guztiak eraisteko eskatu zuten, segurtasun arrazoiengatik. Ondorengo urtean, Casseltonen (Ipar Dakota) tren batetik ia 500.000 litro petrolio isuri ziren eta 13,5 milioi dolarreko kalteak eragin zituen. Horrek bultzatu zuen Barack Obamaren Gobernua segurtasun-arau berri bat egitera gai arriskutsuen garraioaz, ingurumen-hondamendiak eragozteko. Horren arabera, 2023an instalatu behar ziren elektronikoki kontrolatutako balaztak -aldi berean tren baten bidez balaztatzea aplikatzen dutenak, eta ez bagoirik bagoi-. Neurria oso mugatua zen, arrisku handiko zenbait trenetarako soilik, baina berehala hasi ziren horien aurka mugitzen industria kimikoetako lobbyak. Tartean, Norfolk Southern Corp ere, Ohioko ezbeharreko trenaren arduraduna.

Donald Trumpek, agintean sartu eta urtebetera, indargabetu egin zuen balazten eskakizuna, horretarako inbertsioak onurak gainditzen zituela esanez. 2020an, Trumpen gobernuak gas natural likidotua trenbidez garraiatzeko baimena ere eman zuen, ordura arteko politika federala irauliz. Earth Justice talde ekologistaren arabera, soilik 22 bagoi beharko lirateke Hiroshimako bonbaren pareko energia eragiteko. Ondorengo urtean, Bidenek neurrian atzera egitea proposatu zuen, baina oraindik indarrean dago, ahaleginak birritan bertan behera geratu ostean.

Elektronikoki kontrolatutako balaztek bagoi pilaketa hori ez gertatzea lortuko zutela dio Steven Ditmeyer Trenbide Administrazio Federaleko goi kargudun ohiak: «Akatsaren abisua jaso zuen, eta balazta aplikatzeak dena geldiaraziko zuen oso azkar».

«Hondamendi hau espabilatzeko deia da benetan», dio Jimena Diaz Leivak, Ingurumen Osasuneko Zentroko zuzendari zientifikoak: «Beharrezkoa da askoz neurri eta azterketa legal gehiago egotea, ez produktu kimiko horien inguruko segurtasunari eta benetako garraioari aurre egiteko bakarrik, baita produktu kimiko horien guztien ekoizpena eteteko ere».

EZTABAIDA POLITIKOA

Luzaroan AEBen batez bestekotzat hartu izan zen Ohio: estatu horretako garailea bihurtu ohi zen zen presidente. Azken urteotan, baina, langile-eremuetako herritar zuri askok trumpismoan aterpe aurkitu du. Soziologia hori dauka Cleveland eta Pittsburgh arteko eskualdeak ere, eta horregatik, bi alderdiak lehia bortitzean ari dira aurkariari egotziz gertatukoaren ardura: gobernadore errepublikanoak aginte federalean jarri du ardura, orain arteko neurri gehienak estatuko agintariek hartu dituzten arren. Istripua 500 metro ekialdera jazo izan balitz, demokraten kontrolpeko Pennsylvanian izango zen.

Donald Trump ostegunean izan zen East Palestinen bisitan. Trenen segurtasunerako araua bere agindupean indargabetu zuten arren, harrera beroa egin zioten herrian. Joe Biden, berriz, Europan egon da asteon, Ukrainaraino ere joan da, baina ez Ohiora. Horretarako berehalako asmorik ere ez du, Etxe Zuritik jakinarazi dutenez.

Pete Buttigieg Garraio idazkaria izan da, presidentearen ordez, ezbeharraren lekua bisitatu duena. Egunotan kritika ugari egin dizkiote, eta ontzat eman ditu: «Ikasi dut lezioa». Ohioko bisita baliatu du Trumpen gobernuari egozteko gertatutakoa. Haren jarraitzaile diren kongresistei, berriz, babesa eskatu die, Trumpen administrazioaren erabakiak atzera botatzeko eta garraio eta ingurumenaren aldeko neurrien alde bozkatzeko.

Eztabaida politikoan, esanguratsua da ingurumenari buruzko edozein salaketa edo kezka gutxietsi ohi duten telebista kate eskuindarrek nola aldatu duten jarrera. Tucker Carlson eskuin muturreko aurkezleak, esaterako, inoiz gutxitan ez besteko tartea eskaini die gaiari eta ingurumen auziei eta EPAk behar besteko finantzabiderik ez duela salatu du. Fox kateko beste esatari batzuek ere antzeko mezuak zabaldu dituzte, herrietan seguru bizi behar dela azpimarratzeko. «Jendeari zor zaio jakitea gobernua gaiaren gainean dagoela, haurrak ingurune seguru batean hezi ahal izateko, ur garbiarekin eta aire garbiarekin», esan du Sean Hannity aurkezleak. Babesgabetasun-sentipen irudia zabaltzea oso kezkagarria da; areago, hauteskundeetan oso boto esanguratsua izan ohi duten langile zurien komunitateetan.

Pandemiaren ostean, ekonomia suspertzeko Bidenen administrazioak hartutako neurri nagusietako bat azpiegiturak berritu eta energia berriztagarrietara inbertsio publikoak bideratzea izan da. Askok errezeloz hartu dute, neurri horien artean, trenbidearen aldeko apustua egitea. Ideia orokorra da, AEBetako bizkarrezurra izan zen garraiobidea erabat abandonatu egin zelako, XX. mendeko bigarren hamarkadan, autoaren mesedetan. Etengabe egiten dira konparazioak Europan eta, batez ere, Txinan eraikitzen diren trenbide kilometroekin. Egia da pertsonen tren-garraioa oso mugatua dela, ipar-ekialdetik kanpo batez ere. Baina herrialde erraldoi honetako merkantzien garraiorako ezinbestekoa da trena. Ezin ahaztu Kongresuak berak nola zapuztu zuen makinistek iazko urte amaieran deituta zuten greba, ekonomiari eta eguneroko hornikuntzari ekar ziezaiekeen kalteagatik. Sindikatuek, baina, aspaldi salatu dituzte konpainiek mozkinak lortzeko hartutako neurriak: konboi luzeagoak, abiadura bizkortzea, denbora luzeagoan ibilian eta ikuskapenetarako astirik ez. Mozkin horien zati bat, gero, bere interesen aldeko inbertsioetarako izaten da. Hala, Mike DeWine gobernadore errepublikanoaren kanpainaren finantzatzaileetako bat Norfolk Southern Railroad konpainia bera da.