Jon GARMENDIA
Idazlea

Otto Jon

Zinkezko kontuar gaineko arno kopak nola husten zituzten begira nengoela erran nizuen azken aldian, eta ostatuko jabeak Otto Jon nor zen kontatzea espero nuela. Belderrain abizena zeukala erran zidan Jeanek; «Beldarrain» nik, ‘‘a’’-rekin, eta berak ezetz, ‘‘e’’-rekin zela. Halakoetan, etimologiari jarraiki, gai nagusitik urruntzeko arriskua izaten da, eta etimoa baztertuz jarraitzeko eskatu nion.

Espainiako diktaduran Kanbora arribatutako mediku baten semea zela kontatu zidan; ez nago ohitua eskolan “Gerra Zibil” gisa ikasi genuena norbaitek “diktadura” deitzea, nahiz eta argi dudan halakoa izan zela, faxismoa eta diktadura, sortzaile, egile eta eragileek merkeegi ordaindu dutena, eta garestiegi, biktimek.

Jonen aita Feliciano Belderrain zen, Oiartzungo alkatea faxistak herrian sartu zirenean. Zortzi mila soldadu ailegatu omen ziren bost mila biztanleko herrira. 117 pertsona fusilatu zituzten, eta gerra kontseilua eginaz alkatea eta zazpi zinegotzi atxilotu. Iruñeko Ezkabara eraman zituzten preso. Handik bizirik irtetea lortu zuen Felicianok, eta emakumez osatutako Alava espioitza sareari esker, muga zeharkatuta, Kanbon errefuxiatu zen. Jose Cruz anaia apaizarekin ailegatu zen Lapurdiko herrira, eta Constant Colbert doktoreak jaso zituen etxean; haren bidez mediku lanari eutsi zion, ez baitzioten titulua homolagatu.

Telesforo Monzonek, “Erri-zaintza” burukideak, Amerikara joateko “Igarobidea“ sinatu zion, Bordeleko kontsulatuak agiri ofizial bezala onartua. Baina Colberten iloba Madeleine Bernardekin maitemindu eta ezkondu egin zen Feliciano. Horrela sortu zen Otto Jon, Kanbon.